Teatrodix Phestibal: integrazioa bultzatzeko antzerki komunitarioa

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 14a, 14:29

Irailaren 18tik urriaren 15era sormen tailerrak eta antzezlanak eskainiko dituzte. 

Teatrodix jaialdiaren III. edizioak "pertenentzia sentimendua eta bizikidetza" izango ditu ardatz eta horretarako, arte eszenikoak eta antzerkia baliatuko dituzte irailaren 18tik eta urriaren 15era bitartean. Antzerki soziala, antzerki komunitarioa, zapalduaren antzerkia, teatroterapia edo soziodrama aurkituko ditugu. Paris 365, Ados Teatroa, Arteriak Gestión Flujos Creativos Kulturix elkarteko kideek sortu zuten jaialdia 2021ean eta egun, jaialdia sendotuta dago.

Aurtengo programari dagokionez, bi bloketan banatzen da. Alde batetik sormen tailerrak bertako zein nazioarteko antzerki konpainiekin, eta bestetik, ikuskizunak edo emanaldiak egingo dituzte Nafarroako Antzerki Eskolarekin elkarlanean. 

Taularatuko diren lanen artean euskarazko Batetik Bestera Benetan Be Antzerki konpainiaren antzezlana ikusteko aukera egongo da, urriaren 10ean, arratsaldeko 19:30etan Nafarroako Antzerki eskolan. Gainera, ikuskizunen ondotik, antzezleekin topaketak eta solasaldiak egiteko aukera izango dute bertaratzen direnak. Tailer eta ikuskizun guztiak edonori irekita daude, beti ere migratzaileen integrazioa baitute helburu.

Jaialdiaren hirugarren edizioa Nafarroako Antzerki Eskola, Antartika Kultur Container, NUP Antzerki Taldea, Teatrolari, Butaca78, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta Mikel Urmenetaren lankidetzari esker antolatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!