Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialak (IHEO) aurtengo proposamenak aurkeztu ditu. Irailaren 25ean hasiko dute ikasturtea baina, matrikulazio kanpaina oraindik abian jarraitzen du eta “Hizkuntzak ikasteak handi bihurtzen zaitu” lelopean ikasturteko eskaintza aurkeztu dute. Alemana, euskara, frantsesa, ingelesa eta italiera ikasteko aukera eskainiko dute. Urtero bezala, A1etiK C1era doan ikasketa zikloa egin daiteke aipatutako bost hizkuntza horietan.
Iazko eskaintza mantendu edo handitu da hizkuntzak ikasteko ikaspostu kopuruari dagokionez, euskaraz izan ezik. Alemana eta frantsesa ikasteko plaza kopuru bera mantendu da 18 eta 25 talde eskainiko dira, hurrenez hurren. Italiera ikasteko iaz baino talde bat gehiago eskainiko da, 10 guztira, eta, ingelesa berriz, 1925 ikaspostu, 77 taldetan banatuta eskainiko dira, Iruñeko eta Lizarrako eskolak aintzat hartuz.
Euskaraz berriz, eskaintza murriztu egin da. Santi Leonek, Hizkuntza Eskolako Zuzendariordeak erabakia gaitzetsi du. Urtero ikasturte amaiera hizkuntza bakoitzeko departamenduak txosten batean biltzen du ikasturtearen balorazioa, eta horren arabera, Hezkuntza Departamentuak eskainiko diren plaza kopurua erabakitzen du. Leonek nabarmendu duenez, ez da eskolaren erabakia izan eta "txostenean argi azaltzen da ez zela beharrezkoa talderik kentzea, baina gero hori Hezkuntza Departamentuan erabakitzen da". Bada Hezkuntza Departamentuak erabaki du aurten 50 ikaspostu gutxiago eskainiko direla. Iaz 750 ikaspostu ziren, eta aurten, 700 izango dira; 30 talde eskaintzetik aurten 28 talde eskaintzera pasatu dira. 27 Iruñean izango dira eta bat Lizarran.
Bestelako nobedadeak ere izango ditu aurtengo ikasturteak. Bost hizkuntza ofizialez gain beste bost eskaintzen dira, nahiz eta hauetan ezin den zertifikaziorik eskuratu. Txinera, japoniera, espainola, arabiera eta portugesa ikasteko aukera egongo da. Halaber, kulturartekotasuna sustatzeko eskolak lehiaketak antolatuko ditu, Erasmus + programan parte hartuko du eta ikasleen motibazioa eta parte hartzea sustatzeko, eskolaz kanpoko ekimenak diseinatu ditu esaterako, Nafarroako Filmotekarekin edota Nafarroako Anime Festibalarekin elkarlanean.
Hizkuntzak ikasteko matrikula zabalik
Uda osoan zehar matrikula zabalik egon bada ere, oraindik ere izena emateko aukera dago. Irailaren 19ra arte aurreinskripzioa egin daiteke, Irailaren 20an ikaspostuen zozketa izango da eta 21ean eta 22an matrikula egiteko unea izango da. Talderen batean ikaspostu libreak geratzekotan irailaren 25ean argitaratuko da eta geroztik, martxoaren 31ra bitartean, ikasturtean zehar libre dauden taldeetan izena eman dezakete hizkuntzaren bat ikasi nahi duten ikasleek. Aurreinskripzioa egiteko informazio guztia Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Eskolaren webgunean dago.