Udalak San Fermin Txikiko jaietan komun eramangarriak jartzeko konpromisoa hartu du

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 13a, 09:43

  • Alde Zaharreko jai batzordearen salaketa publikoaren ondoren Ibarrola alkateak zuzenketa jakinarazi die.
  • Udaletxeko Plazan irailaren 14an izan behar zen kontzentrazioa bertan behera utzi dute.

 

Aste honen hasieran, Alde Zaharreko jai batzordeak San Fermin Txikiko festetan kaleetan komun mugikorrak jartzeko eskaerari Iruñeko Udalak uko egin ziola salatu zuen eta mobilizaziorako deia egin zuen. Salaketaren aurrean Cristina Ibarrolak, Jai  Batzordeko ordezkariak deitu ditu bilera batera eta, bertan, jaiek irauten duten egunetan komun eramangarriak jartzeko konpromisoa hartu du.

Udalak oraindik ez du zehaztu zenbat komun mugikor jarriko diren, ez non, ezta nahikoak izango diren Alde Zaharrera gerturatzen diren pertsona guztientzat. Hala ere, jai batzordeak erabaki du irailaren 14an Udaletxeko Plazan iragarritako kontzentrazioa bertan behera uztea.

"Auzoko kale eta etxeetako atariak pixaleku bihurtuta ikusteak auzokideen artean ondoeza sortu du”, jai batzordeak azaldu duenez. Egoera San Fermin jaietan larriagotu zela nabarmendu ondoren, abuztuaren hasieran, Alde Zaharreko jai batzordea Udalarekin harremanetan jarri zen, San Fermin Txikiko jaietan auzoko funtsezko gunetan komun eramangarriak jartzeko eskatuz. Irailaren 5ean, Udalak jakinarazi zuen ez zuela bere instalazioaren ardura hartuko, izan ere, "Iruñeko Udalak ez du auzoetako festetako komun mugikorren instalazioa kudeatzen ez ordaintzen, jai batzordeen ardura da hori". Erabaki horren aurka jai batzordeak salaketa publikoa egin zuen eta alkateak erabakia zuzendu egin du. 

Komun gehiago bai, erabilera gehiago ere bai

Alde Zaharreko hainbat tokitan komun eramangarriak jartzea funtsezkoa da jai egunetan higiene baldintza egokiak izateko, baina, baita erabiltzea ere. Jai Batzordeak, urtero bezala, kanpaina bat jarri du abian, "jaietan parte hartzen dutenei auzoan bizi diren pertsonak, kaleak eta atariak errespetatzeko beharra gogorarazten". Oraingo honetan, bainuak jartzeko konpromisoa lortuta, "bereziki azpimarratuko da kaleetan txiza ez egiteraen eta horretarako prestatutako tokiak erabiltzearen garrantzia", azpimarratu du batzordeak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!