Etxerik gabekoen egoera aldatzen joan den heinean, Caritasek duen eguneko zentroa itxi egin du behin behinean, egoera aztertu eta ahalik eta erantzunik egokiena emateko. Era berean, administrazioei eskatu die, hitz egin dezatela gaiaz elkarrekin eta eman diezaiotela erantzun irmo eta egiturazkoa arazoari.
Erriberri Kalean du Caritasek San Miguel eguneko zentroa. 50 lagunendako tokia du eta azken hilabeteotan leporaino betea izan da. Dutxa bat hartu, gosaldu, egunkariak irakurri, ordenadoreak erabili, arropa garbitu eta bero egoteko gune bat eskaintzen zaie.
Erakundeek baliabideak jar ditzatela
Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio, har dezala ardura eta egoerari irtenbide emateko baliabideak jar ditzala. Carlos Salvador Iruñeko zinegotziak esan zuen kezkatuta daudela fenomeo horrekin eta Iruñeak baliabideak mugatuak dituela.
Nafarroako Gobernuko kontseilari Carmen Maeztuk berriz, argitu zuen, lanean ari direla gaiari irtenbiderik ahalik eta egiturazkoena emateko. Ez dute adabakiez estali nahi irtenbide integrala behar duen arazoari.
Elkarri Laguntza elkartea, kalean gaua pasatzen duten herritarrei arreta ematen diena, Udaleko Herritarren Gaietarako batzordean izanen da goizeko hamaika terdietatik aurrera.