Alde Zaharreko jai batzordeak San Fermin Txikiko festetan kaleetan komun mugikorrak jartzeko eskaerari uko egin dio Iruñeko Udalak. “Auzoko kale eta etxeetako atariak pixaleku bihurtuta ikusteak auzokideen artean ondoeza sortu du”, salatu du jai batzordeak. Azken sanferminetan higiene faltak egoera larriagotu zuen baina udalak ez dio konponbiderik bilatzeko eskaerari jaramon egin.
Abuztu hasieran jarri zen Alde Zaharreko jai batzordea Udalarekin harremanetan, San Fermin Txikiko komunen arazoari heltzeko asmoz, eta egun horietan zehar Alde Zaharrera hurbiltzen den jendetzak eragindako arazoak gutxitzeko borondatez. Udalak berriz, gainontzeko auzoei emandako erantzuna eman die: Iruñeko Udalak ez du auzoetako festetako komun mugikorren instalazioa kudeatzen ez ordaintzen, jai batzordeen ardura da hori. Jai batzordeak adierazi duenez horren kostea oso handia da eta “are gehiago murrizten du ekintzak antolatzeko aurrekontu urria”, erabat mugatuz kokatu daitezkeen komunen kopurua.
Alde Zaharreko “higienean eta bizi kalitatean” duen eragina dela eta, elkarretaratzea egingo dute protesta egiteko. Ostegunean, irailaren 14an, arratsaldeko 19:00etan, Udaletxe plazan elkartzera dei egin du jai batzordeak. Era berean, elkarrizketak mantenduko dituztela iragarri du batzordeak, “udal talde politiko ezberdinekin, arazoari konponbide bat eman asmoz”. Azkenik, azken urteetan egin duten bezala, kontzientziazio kanpaina bat abiatuko dute jaietan zehar auzoa eta bertan bizi diren pertsonekiko errespetua sustatuz.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!