Civivox sareak 308 ikastaro eta tailer eskainiko ditu; horietatik 19 euskaraz

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 5a, 14:03

Irailaren 6tik 11ra irekiko da behin-behinean izena emateko epea eta Civivox zentroetan, telefonoz edo telematikoki egingo da. 
 

Civivox sareak herritar ororendako ikastaroak, lantegiak, tailerrak eta bestelako jarduerak eskainiko ikasturte honetan. Guztira, 308 jarduera egongo dira aukeran, ikastaro horietatik 64 lauhilekoak dira, hots, urrian hasi eta urtarrilean amaituko dira; beste 244 urte osokoak dira, hau da, lauhileko honetan lekua eskuratzen dutenek, otsailetik maiatzera ere ikastaroan jarraitzeko aukera izanen dute. Guztira 4.254 leku eskainiko dira eta ikastaro guztiak aurrez-aurrekoak izango dira.
Ohikoa denez, behin-behineko izen-emate horiek aurrez aurre egiten ahalko dira civivox zentroetan, 010 – 948 420 100 telefonoan, edo telematikoki. Lekuak zozketa bidez esleituko dira, irailaren 12an, izena eman dutenen artean, eta egun horretatik aurrera formalizatu beharko dute matrikula, gehienez 72 orduko epean. Zozketaren emaitzak posta elektroniko bidez jakinaraziko dira eta aurrez aurre kontsultatu ahalko dira Civivox zentroetan, edo telefonoz, 010era deituta. 

Askotariko eskaintza

Civivox sareak eskaintzen dituen lantegi eta ikastaroak mota eta adin guztietako pertsonendako dira. 86 ikastarotan jarduera fisikoa da protagonista; 35 ikastarotan arte plastikoak landuko dira; 28 Iturramako bainuetxean eginen dira; 20 dantza-ikastaroak izanen dira; 19 artisautza eta informatikakoak; eta beste 17 dastaketa eta sukaldaritzarekin lotuak. Horiez gain, arte plastikoetako, ongizate eta osasuneko, zinemako, diseinuko, argazkigintza- eta hizkuntza-ezagutzei buruzkoak eta bestelakoak ere eskainiko dira.

Kokalekuari dagokionez Iturramako Civivoxean 82 ikastaro emanen dira, 47 Kondestablen, 39 Jus la Rochan eta Sanduzelain, 36 Zabalguneko Civivoxean, 34 Mendillorrin, 30 Milagrosan eta bat aire zabalean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!