Beltza Weekend jaialdiak bere V. edizioa ekarriko du Iruñera

Euskalerria Irratia 2023ko abu. 30a, 12:53

Jaialdia irailaren 7,8 eta 9an ospatuko da, eta hainbat kontzertu eskainiko dira Zentral aretoan, Zaldi Zurian eta Iruñeko Keops eta Baccara klubetan. 

Aurtengo kartela oso berezia izango da, Eli "Paperboy" Red estatubatuarra eta Erresuma Batuan bizi den J.P. Bimeni Burundiko abeslariak buru dituelarik.

Aipatutako abeslariekin batera, The Ready Mades, Parisko beat eta soul soinuen taldea eta The Four Breakers soul elektrikoaren Santanderko laukotea arituko dira. Lau talde hauek Zentral aretoko kontzertuen protagonistak izango dira irailaren 8an, ostirala, eta irailaren 9an, larunbata.

Gainera, ohikoa denez, doako bi kontzertu egongo dira. Lehenengoan, The Titanians talde lokala izango da protagonista, ostegunean, irailaren 7an. Bigarrena, Akatz bilbotar konboak egingo du, Zaldi Zurian larunbatean egingo den vermu saio tradizionalean.

Atal musikala osatzeko, hainbat saio eta jai izango dira, izan ere, musika beltzeko DJ onenek musika saioak eskainiko dituzte Iruñeko hainbat lokaletan.

Aurten, programa musikalarekin batera, kultur programazio zabala prestatu da. Batetik, Young man with Horn (El Trompetista) film luzea emanen dute Nafarroako Filmotekan irailaren lean, ostirala. 1950ean Michael Curtizek zuzendutako pelikula da, izen ospetsuz beterikoa: Kirk Douglas, Lauren Bacall, Doris Day, Mary Beth Hughes eta Nestor Paiva.

Bestetik, adi!, Nafarroako bederatzi emakumezko artisten erakusketa kolektiboa ikusgai egonen da irailaren 5etik 24ra Kondestablen, I AM (A) SOUL izenburupean.

Bukatzeko, irailaren 2an, larunbata, Xabier Artieda aktoreak 5 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako Flow Tailerra emanen du Kondestable jauregian. 12:00etan izanen da emanaldi hau.

Dagoeneko eros daiteke bi egunetako abonua 50 eurotan, eta eguneko sarrerak 28 eurotan. Sarrerak eta abonuak zentralpamplona.com webgunean eskuragarri daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!