Atzera bueltarik ez. Gaur goizean hasi dira Gurutze Plazako aparkalekua eraikitzeko eremua prestatzen. Aste hasieran zonaldea hesitu zuten eta gaur, zuhaitzak mozteko lanekin hasi dira, parkinga eraikitzeko lehenengo urratsak emanez.
Zurekin Nafarroak berriz ere lanak lehenbailehen geldi daitezela eskatu du, "proiektuak dituen zalantza juridiko, ekonomiko eta gardentasun handiak direla eta". Izan ere, proiektuak "ez du Iruñeko gehiengo demokratikoaren babesik, ezta inguruko auzotarren eta merkatarien babesik ere". Elkarrizketa hasteko deia egin dute oposiziotik eta "adostasunesko irtenbideak" bilatu nahi dituzte. Gainera, "ingurumenaren eta bizi-kalitatearen gaineko inpaktu gogorra" dakarte eraikuntza lan hauek eta Cristina Ibarrola ez da kaltetuekin bildu haien eskaerak entzuteko.
Bide beretik, EH Bilduk aparkaleku plaza eskatu dutenen zerrenda eskatu zuen iragan astean, proiektuan gutxieneko % 50 ziurtatuta izan behar duelako eta ez omen da % 30era iristen. "Aparkalekua eraikitzeko proiektuaren prozesuan antzemandako irregulartasun ugariak" salatu zituen Parking ez plataformak Arartekoan. Bestalde, aparkalekuaren sustapenaren abiapuntuko zerrenda 2008koa dela kritikatu dute, "inolako aldaketarik edo berrikuspenik gabe" erabili dutela, eta beraz, "faltsua" dela argudiatu dute.