ELAk Zucitolaren itxiera "ustekabekoa" eta enpresaren "moduak" salatu ditu

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 31a, 13:06

Zucitolako langileak enpresaren eta enpleguen etorkizunaren alde mobilizatu dira, "ustekabeko" egoera salatuta eta informaziorik ez ematea egotzita; datozen egunotan elkarretaratzeak egingo dituzte.

Zucitola enpresako zuzendaritzak dendak eta lantegia ixtea erabaki du, aldez aurretik jakinarazi gabe eta delegatu sindikalari eta gainerako langileei enpresako egoeraren berri eman gabe. ELAk dendak eta lantegia ixteko enpresaren erabakia eta erabilitako modua gaitzesten ditu. Duela gutxi, sindikatuak enpresaren hartzekodunen konkurtso adierazpena ezagutu du eta horrek airean uzten du 25 langileen egoera, hipotesietako bat enpresa behin betiko ixtea baita. Zucitolak Sarasate pasealekuan duen dendaren aurrean bildu dira langileak eta aldarrikapenen artean administrazio publikoei inplikazioa eskatu diete enpresa eta enplegua salbatzeko.

Irati Bañuelos ELA sindikatuko Nafarroako industria arduradunak hartzekodunen konkurtsoan dagoen Zucitola gozotegiaren egoera "ustekabekoa" dela adierazi du eta enpresaren "moduak" kritikatu ditu, langileei informaziorik ez ematea egotzita. Hala adierazi du astelehen honetan sindikatuak deitutako elkarretaratzean, enpresako zuzendaritzak dendak ixteko hartutako erabakia salatzeko. "Zucitolak alde batera utzi gaitu" zioen pankartaren atzean 30 bat lagun bildu dira. Datozen egunotan egingo dituzten mobilizazioetara batzera deitu ditu herritarrak sindikatuak. Abuztuaren 2an 11:00etatik 11:15etara Sarasate Pasealekuko Zucitolan elkartuko dira eta 11:30etan Urdax Monstegiko gozotegian. Abuztuaren 4an berriz, 11:00ak eta 11:15ak bitartean Sarasate Pasealekuan eginen dute eta 11:30etatik 12:00etara Serafin Olabe kalean.

Bañuelosek gaineratu duenez, "enpresaren jarduteko moduak bereziki gaitzesgarriak dira"; izan ere, "enpresak maniobra hori egiteko aukeratu dituen datak, abuztua, oso txarrak dira guztientzat". Era berean, kritikatu egin du "neurri hori hartu izana eta, batez ere, daukagun egoerari buruzko ezjakintasun orokorra". "Ez dakigu ezer, ia 30 pertsona kalean gera daitezke, horrek familientzat ekarriko dituen arazoekin", gaineratu du.

Hemendik aurrera jarraitu beharreko prozesuaz eta egutegiari dagokionez, "hori jakin nahi duguna ere bada", erantzun du Bañuelosek. "Hartzekodunen konkurtsoaren deklarazio bat dago, orain konkurtsoko administratzaile bat izendatu beharko litzateke, izendatuta dagoena, eta pertsona horrek Zucitolaren egoera aztertu behar du eta erabaki behar du benetan enpresak jarraitu dezakeen edo erosle bat egon daitekeen, edo enpresa bera zorrak edo daukana saneatzen, edo likidaziora joan eta kalean geratzeko aukera ere badago", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!