Osasunak Conference Leagueko 2023-2024 edizioa jokatuko du azkenean, UEFAk ekainaren amaieran hartutako erabakia aldatzea erabaki eta gero. Izan ere, "klubak lehiaketan parte hartzearen defentsan aurkeztutako froga berriak ikusita, UEFAk ondorioztatu du Osasuna duela ia hamarkada bat izandako gertakarien biktima izan zela", eta klubak horiek argitzeko ekimena baloratu du UEFAk, talde nafarrak azaldu duenez.
Beraz, gorritxoak abuztuaren 7an egingo den Conference Leagueko playoffetako zozketan izango da; abuztuaren 24an eta 31n jokatuko ditu partidak. "UEFAren erabakiak eta Kirola Arbitraje Auzitegiaren (TAS) berrespenak, bai auzitegi arruntetan bai kirol justizian, azken bi hilabeteetan erakundeak bere eta bazkideen eskubideen defentsan izan duen borrokari amaiera ematen diote", ospatu du klubak.
Hala ere, UEFAk diziplina-prozedura bat ireki dio Osasunari "prozesu honetan justizia arruntera jotzeagatik", baina horrek ez du galaraziko gorritxoek lehiaketan parte hartzea 2006-2007tik lehen aldiz. Osasunak ez du errekurtsorik jarriko eta Europako futbolaren erakunde gorenari kirol arloko gaiak justizia arruntera ez eramateko konpromisoa hartu du.