Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak milaka pertsona erakarri ditu egunero egindako ibilbidera, hain zuzen 195.000 pertsona izan dira San Fermin jaietan erraldoi eta buruhandien erritmoan Iruñeako kaleak zeharkatu dituztenak. San Fermin jaien amaierako balantzea egin dute arduradunek Cristina Ibarrola alkatearekin eta emandako datuen arabera, jaiek, oro har, aho zapore ona utzi dute ekitaldiak antolatzen aktiboki parte hartu duten talde eta erakundeengan.
Datuak oso modu positiboan baloratu dituzte Konpartsako arduradunek. Ibon Laspeñas presidentea buru zutela, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearekin bildu ziren atzo, jaien balantzea egiteko. Alkate berriarekin lehen harremana izan duten honetan, konpartsako kideek erraldoi eta buruhandien irteeretan haur, gazte eta nagusi ugari izan direla azpimarratu dute, urtez urte gora egiten duten kopuruak. Topaketak eguneroko ibilbideen egokitasuna aztertzeko ere balio izan du. Horri dagokionez, Konpartsak balorazio positiboa eman dio Udalari.
Hala ere, puntu gatazkatsu batzuetan trafikoaren eta erraldoien dantzen arteko elkarbizitza hobeto arautzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, nahiz eta erraldoi eta buruhandien ibilbideak igarotzen diren eremu gehienak trafikora mugatuta egon, banaketa-ibilgailuekin eta beste zerbitzu batzuekin batera gertatzen dira une jakin batzuetan. 2024ko Sanferminei begira, konponbide hobea bilatzeko eta sor daitezkeen gorabeherak saihesteko, Herritarren Segurtasunaren eta Konpartsaren arteko aldez aurreko bilerak antolatzea erabaki da, ibilbideak mugatzeko eta kaleetan bizikidetza hobea bermatzeko, konpartsako kideen eta atzetik datozen pertsona guztien segurtasuna uneoro bermatuz.