Uztailaren 8an, larunbatean, kopuru handiena erregistratu zen, 257.858 bidaiarekin, eta, era berean, Eskualdeko Hiri Garraioaren historian erabiltzaile gehien ibili zen eguna izan zen. Kopuru hori 2022ko egun berbereko kopurua baino % 22,63 handiagoa izan zen (210.258) eta joan den urteko larunbatekoa, uztailaren 9koa, baino % 30,43 handiagoa (197.691). Orokorrean, uztailaren 6a izaten da egun jendetsuena garraioari dagokionez, baina, aurten, euri-jasa dela eta zenbait ekitaldi bertan behera uztea ekarri zuen, eta, ziur asko, eragin zuen bidaiari-kopurua handiagoa ez izatea, mankomunitateak azaldu duenez.
Hondakin gutxiago
Jaien ingurunean 1.242.200 kg hondakin bildu dira, 2022ko jaietan baino % 2,44 gutxiago. Kantitate osotik 357.220 kg zaborrak edukiontzietan biltzeari dagozkio, 558.840 kg beira-bilketari eta 326.140 kg Iruñeko Udalaren garbiketa-zerbitzuak egindako bideetako garbiketa lanei.
Edonola ere, uztailaren 7an, 8an eta 9an, asteburuarekin batera, 507.200 kg bildu dira, eta, hartara, 2017ko asteburuan baino % 13,8 gehiago jaso dira.
Beiraren bilketari dagokionez 181.440 kg taberna eta jatetxeetako bilketari dagozkio, ‘iglu’ formako edukiontzietan 368.740 kg bildu dira eta 8.660 kg zezen-plazan egindako bilketan. Bestalde, tabernetan atez ate egiten den bilketak ere errekorra hautsi zuen eta uztailaren 9an 30 tona hondakin bildu ziren.