Ikusmira zegoen jakiteko zer nolako jokamoldea izanen zuten Jandillek aurten Iruñeko karriketan. Cebada Gagoko zezenek bezala, arrisku ospea dute gainean eta Iruñeko karriketan utzi dituzten adarkatuen estadistikek ere hori erakusten dute. Baina entzierroaren bilakaerak ez du ospeaz eta estadistikaz ulertzen. Geroz eta prestatuago datoz zezenak Iruñean korrika egitera eta geroz eta lasterketa azkar, garbi eta anaituagoak egiten dituzte. Ez dago salbuespenik.
Gaur idiek hartu dute taldearen aurrekaldea Santo Domingon gora, zezenak atzean zituztelarik, ongi babestuta. Lasterkaldi estuak tarte honetan. Merkaderes karrika eta Estafeta arteko bihurgunean zezenak hasi dira aurrera joaten. Toki honetan ohikoa den korrikalari batek une estuak pasa ditu. Bihurgunea ongi hartu du, taldearen aurrean geratzeko asmoarekin baina idietako baten atzekaldeak bultzatu eta zezenen aurrean geratu da. Zortea izan du eta paretaren kotnra atera da. Metro batzuk aurrerago, taldea iritsi baino lehen eroritako lasterkari bat, zezenak gainean zituela altxatu da. Ez dute haren kontra egin, baina adarrarekin kolpea izan du buruan. Okerrago izan zitekeen. Estafetan gora lasterkaldi ederrak ikusi ditugu lehendabiziko tartean. Azken metroetan ordea, azken egunotna bezala, korrikaldi estuak, estuegiak. Lehia bizia dago zezenen aurrean korrika egiteko eta horrek ez die animaliei tarterik uzten mugitzeko. Telefonikako bihurgunean hesiruntz jo dute zenek eta bertan geldirik zeuden ikusle ez-korrikalariek susto ederra baina ondoriorik gabekoa hartu dute. Banan banan, zezen guztiak ikuiluetara sartu dira.
Jandillen entzierrorik garbienetarikoa
Gaurko entzierroak Jandilla ganadutegiaren estadistika beltza aldatzera etorri da. Hiru pertsona artatu behar izan dituzte. Estafetan lehendabizikoa, eskuin besoan kolpea duen korrikalaria da, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dutena. Gune berera eraman dute Telefonikan zauritutako beste lasterkaria, kasu honetan hankan kolpea deformitatearekin du. Hirugarren zauritua San Martin Osasun etxean artatu dute, kasu honetan adarrak eragindako urradurarekin joandako korrikalaria da, Telefonikako tartetik, ez da adarkatua, ez baitio adarrik gorputzean sartu. Azalean izandako zauri arina da soilik.
Zezenik azkarrenak bihar
Orainarteko lasterketak azkarrak izan badira, biharkoak marka guztiak apur ditzako. Victoriano del Ríoko zezenak izanen dira protagonista bihar. Iruñeko karriketan entzierrorik azkarrenak egin dituzten zezenak. Ez dute adarkaturik haien estadistiketan.