Sanferminetako eraso sexistak salatu ditu Iruñeak

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 11a, 09:14

Ehunka herritar, eragile, Peña eta instituzio nagusietako ordezkariek bat egin zuten mugimendu femistak festetako lehendabiziko egunetan izandako eraso sexistak salatzeko deitutako elkarretaratzearekin. "Nazkatuta gaude!" oihu egin zuten mikrofonotik emakumeek. Gazteluko plaza jendez bete zen protesta egiteko.

"20 eraso sexista baino gehiagoren berri izan dugu" azaldu zuen Iratxe Alvarezek Mugimendu Feministaren izenean Gazteluko Plazako eskenatokitik, "Nazkatuta gaude jaiak beraientzat bakarrik direla uste dutenekin, guk lekurik ez dugula pentsatzen dutenekin...mila modutan esan dugu eta berriro esanen dugu, ez dugu eraso matxistarik onartuko, hauek ere gure jaiak dira!". Peñetako txarangak isildu, taberna zein herri guneetako musika itzali eta herritarrek bat egin zuten eraso sexisten aurreko erantzunean. Eskenatokian bi pankarta, mugimendu feministarena eta 16 Peñen emakumeena. Mugimendu feministak dei zuzena egin zien iruindar ginezkoei: "Indarkeria hau ez da gure arazoa, emakumeena soilik" adierazi zuten, "Zuek gizonak, pausu bat aurrera eman behar duzue ere, aski da konplize izateaz, eskerrak emateaz, emakumeon hitza zalantzan jartzeaz. Gaitzezpenak plaza honetatik haratago joan behar du. Nazkagarri horiek,patriarkatuaren seme osasuntsu horiek kuadrilla, Peña, taberna eta kaleetatik kanpo nahi ditugu". Horregatik norberaren inguruan izan daitezken jarrera matxistei erantzutera dei egin zuen, "Jokoa amaitu zaiela erakutsi behar diegu, Koinatuak, babosoak baztertu...jakin dezatela ez ditugula beren jarrerak onartzen. Iruñeak ez duela inolako eraso sexistarik onartzen!".

Herritar, eragile, talde eta Peñekin batera, elkarretaratzean izan ziren Maria Txibite, jarduneko Nafarroako presidentea, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea, Unai Hualde Parlamentuko presidentea eta alderdi politikoetako ordezkariak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!