Entzierro azkarra egin dute Nuñez del Cuvilloko zezenek Iruñeko karriketan. Bi minutu eta 20 segunduko lasterketa bizia. Santo Domingotik bertatik bi zezenek aurre hartu diote taldeari, ezker eskuin zituzten lasterkariekin fijatuz. Mercaderes eta Estafetako bihurgunerainoko tartea azkar egin dute biek, eta korrikalariek apenas ematen zituzten hiru lau pausu haien aurrean, alboratu aurretik abiadura biziaz gainditurik. Estafetako bihurgunean taldea irekitzen zuten bi zezenek talka egin dute hesiarekin, haietako bati kostatu zaio altxatzea eta ordutik aurrera, lasterketa ederrak ekarri dituen talde luzea etorri da estafetan gora. Idi bat aurretik, zezen bat atzetik, gero bi anai, atzerago beste bi, azkenik beste bat. Horrek korrikalarien gozamena ekarri du, adarren aurrean gustora korrika egiteko aukera eman duelako. Hori bai, jendetza zegoen gaur zezenen aurrean eta lasterkaldi estuak izan dira, estuegiak agian, korrika egiteko tarterik ez zegoelako, zezenek arnasik hartzeko tokirik ez zutelako. Telefonikan eta zezen plazarako jaitsieran, lasterketa garbia egin duten arren, ezker hesian, geldirik ziren korrikalari zenbaiten ondotik, buru eta bizkar ondotik pasa dira zezenen adarrak. Zezenek barrura egin dute garbi eta lasterkariekin fijatu gabe eta ikuiluetara sartu dira. Bi minutu eta hogei segundu, iaz baino 15 segundu azkarrago egin dute Nuñez del Cuvillokoek lasterketa.
Bi zauritu
Uztailaren 11ko entzierroak bi zauritu eragin ditu. Santo Domingoko aldapatik, korrikalari bat eraman dute ospitalera, lurrera erori eta izandako kolpe aunitzen ondorioz. Mercaderesen artatu dute bigarrena, kasu honetan uruan kolpea duen pertsona da, nahiz eta ez duen konorterik galdu.
Jandillako zezenak bihar
Uztailaren 12an, Badajoztik etorritako Jandilla zezen ezagunak izanen dira protagonista. Entzierro luzeak eta arriskutsuak egin ohi dituzte Iruñeko karriketan, zezen solteak dituzten lasterkaldiak, adarkatu asko uzten duten entzierroak dira. Jandillako entzierro batean, 2009ko uztailaren 10ean zendu zen Daniel Jimeno, Sanfermientako entzierroan izan den azken heriotza.