Elkarren zaintza gozagarri lelopean gazteei zuzendutako sexu-osasunari buruzko kanpaina abian da. Sanferminetan eta udako jai guztietan ere Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak (NGK) eta Hiesaren Aurkako Herri Batzordeak, Iruñeko Peñen Federazioaren eta Osasun Publikoaren Institutuaren laguntzarekin preserbatiboak eta bestelako materialak banatuko dituzte doahinik. Aurten ere Iruñeko Udalak ez du bat egin kanpainarekin.
Sanferminetan sexualitateaz gozatzeko helburuarekin, prebentzioaren eta zaintzaren bidez, ia 200 establezimendutan materiala banatuko dute. Tabernetan eta peñetan kanpainaren kartela egongo da eta leku ikusgarri batean kutxa bat egongo da materialarekin. Gizonezko 23.000 eta emakumezko 1.000 preserbatibo, latexeko 600 toallatxo, 3.000 lubrifikatzaile, kanpainaren irudiarekin egindako 5.000 txartelzale, txapak eta kamisetak banatuko dira.
Sexu-osasuna ikusarazteaz gain hausnarketaren beharra azpimarratu du Alejandro López Gazteriaren Kontseiluko presidenteak. Materialen banaketarekin batera, prebentzio eta hausnarketa sustatzeaz gaindi, kanpainari ikusgarritasuna emateko gaur arratsaldean 18:00etatik 20:00etara, txaranga baten doinupean Alde Zaharreko kaleetan zehar informazioa eta prebentzio-materiala banatuko dute.