Santos Indurain Osasun kontseilariak sanferminetako osasun-dispositiboak aurkeztu ditu. Urtero bezala, txupinazorako arreta berezia, entzierrorako bestelako neurriak eta adingabeak identifikatzeko 10.000 eskumuturrekoen banaketarako dispositibo bereziak ezarri dituzte.
Entzierroko zaurituak artatzeko ibilbideak dituen 848 metroetan zehar sorospen puntu bat ezarri dute 50 metrotik behin. 112 larrialdietako Nafarroako Zentrotik koordinatuta, medikuak, erizainak eta sorosleak egongo dira ezarritako postuetan. Bestalde, medikalizatutako 16 anbulantzia ere egongo dira entzierroaren ibilbidean zehar. Gutxienez, medikuntzako 8 profesionalek, erizaintzako 8k, garraioko 21 teknikarik, 47 soroslek, komunikazioko 9 langilek eta postuko 8 koordinatzailek arreta eskainiko dute. Gurutze Gorriko 80 langile inguru eta DYAko beste 30 ere bertan osasun-arreta emango dute.
Halaber, larrialdietako zerbitzuak indartuko dituzte datozen egunotan eta Osasun Departamentuak osasun arreta behar izanez gero, lehen mailako arreta zentroetara jotzea gomendatu du, larrialdiak arintzeko asmoz. Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara dagokion osasun-zentrora jo eta ordutegi horretatrik kanpo San Martin eta Buztintxuriko zentroetako larrialdiak erabili, ospitaleko larrialdiak arintzeko eta kasu larrienetarako uzteko eskatu du Osasun kontseilariak.
Festa guneetan gerta daitezkeen larrialdiak ez ezik, errepideetan gerta daitezken istripuetarako zerbitzuak ere egokitu dituztela adierazi du osasun kontseilariak. Era berean, iazko berrikuntzari heldu diote eta mugikortasuna errazteko motorren zerbitzua mantendu dute, irismen zaileko guneetara sarbide errazteko eta berehalako arreta eskaintzeko.
Aurten, bestelako berrikuntzarik ez eta Covid-19 protokolo berezirik ere ez. Gomendioak mantentzen diren arren, ez dute bestelako neurririk aurreikusten honi dagokionez. Hala ere, Santos Indurainek iragarri duenez, edozein unean aldaketak egiteko eta moldatzeko gaitasuna izango dute eta prest egongo dira. Santos Indurainek gogorarazi du osasun-zerbitzuen erabilera egokia eta baliabideen erabilera eraginkorrak ezinbestekoak izango direla behar bezalako osasun-arreta eskaini ahal izateko. Sexu erasoetarako protokoloa berrikusi eta prest dutela ere adierazi du Osasun Departamentuak.