Poesia garaikidea lagun egin du Euskaltzaindiko sarrera hitzaldia Castillo Suarezek

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 3a, 08:46
Castilllo SUarez, Altsasuko Iortia Kultur Gunean, sarrera hitzaldiko une batean. (Argazkia: Euskaltzaindia)
  • 2022ko irailaren 30ean izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain oso eta gaur irakurri du sarrera-hitzaldia Altsasun, bere jaioterrian.
  • Maitasunaren botanika izeneko hitzaldian bere bizitzan eragina izan duten poema liburuak izan ditu gogoan Castillo Suarezek. Euskal poesia garaikidetik hainbat liburu eta egile hautatu ditu.

Castillo Suárez García idazle nafarrak Altsasun irakurri du sarrrea-hitzaldia, Akademiaren barne-arauek agintzen duten moduan. Euskaltzaindiak 2022an izendatu zuen euskaltzain oso, eta, ohikoa denez, izendapenarekin batera Sarrera-hitzaldia egitea dagokie euskaltzainei. Gehienetan, sorlekuan egin izan dute.

Akademiak Osoko bilkura egin du 10:00etan, Altsasuko udaletxean; ondoren, herriko txistulariek lagunduta agintarien segizioa Iortia Kultur gunera iritsi da, Altsasuko ezkila errepikarekin batera. Ekitaldi instituzionalari hasiera emateko Javier Ollo Altsasuko alkateak ongietorria egin die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera. Sahatsa eta Pi eta Juantxo Zeberio musikariek lagunduta ekitaldiak aurrera egin du, bildutako 150 euskaltzainen eta herritarren begiradapean.

Sagrario Aleman eta Miren Agur Meabe euskaltzainen eskutik sartu da altsasuarra bere sarrera-hitzaldia ematera. Landareen bidez harilkatu ditu bere bizitzan eragina izan duten poema liburuak Maitasunaren botanika izeneko antologia pertsonalean. Hautatutako landareek idazlearen poetikaren ezaugarriak erakutsi dituzte hitzaldian zehar, hala nola idazteko ausardia, ekintzailetza politikoa, oroimena, hiztegigintza, biziraupenerako gogoa...

Miren Agur Meabek gutunen bidez eman dio erantzuna. Poetikari eta estetikari buruzko gogoeta intimo modura planteatuta, poeta nafarraren gai batzuk aipatu ditu —galera, bakardadea, maitasuna, mina, langintza, erresistentzia...— eta harremanetan jarri ditu mundu zabaleko beste idazle batzuen pasarteekin, hala nola Emily Dickinsonekin, ezkilek nola, idazleak ere hala oihartzunaren bila euren sarrera-hitzaldietan.

Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin du “Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki” beteko dituela esanez, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran, giro alaian, Altsasuko zortzikoa dantzatu dute dantzari, agintari eta herritarrek.

Erlazionatuak

15 belarkiz osatutako hitzaldia

Euskalerria Irratia 2023 uzt 04 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!