“Arazoa egiturazkoa da, pairatzen dugun sistema heteropatriarkalaren ondorio zuzena”, salatu zuen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformako Amaia Zubietak, bart arratsaldeko elkarretaratzearen amaieran. Halaber, larunbatean Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan eraildako emakumearen gertukoei mezua zuzendu zien Zubietak: “Gure mina eta elkartasuna adierazi nahi diegu bere lau seme alabei, lagunei, ezagunei”.
Eguerdian, elkarretaratze instituzionala
Aurretik, eguerdian, Iruñeko Udalak deiturik, protesta egin zuten Udaletxe plazan bertan. Cristina Ibarrola alkateak eta udal talde guztietako ordezkariek hartu zuten parte. Han ziren, halaber, Nafarroako Gobernuko jarduneko hainbat kide: Maria Txibite lehendakaria, Javier Remirez eta Jose Maria Aierdi kontseilariak.
Ibarrolak iragarri zuen udala akusazio partikular izanen dela Ermitagainako hilketaren auzian. “Espero dugu molde honetako beste gertakaririk ez izatea, ezta inolako eraso sexistarik ere”, adierazi zuen.
Ustezko hiltzailea gaur eramanen dute epailearen aurrera
Ermitagainako hilketaren ustezko egilea gaur eramanen dute epailearen aurrera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak atzo jakinaraziriko informazioaren arabera. Emakumearen Aurkako Auzitegia arduratuko da ikerketaz.
Ustezko hiltzailea, Yang Fenglin, 51 urtekoa, larunbatean bertan atxilotu zuten, Udaltzaingoarengana joan zelarik aitortzera haren bazkide eta bikotekidea labanaz hil zuela. Hilketa bikoteak kudeatzen zuen Anayak tabernan bertan gertatu zen.
Biktima, Zhen Jiang, Iruñeko Arrotxapea auzoan bizi zen duela 15 urtetik eta lau seme alaba zituen.
Lerroon azpian, AHotsa.info atariko lagunek atzo elkarretaratzean grabaturiko bideoa.