Iruñean erroldaturik bazaude hemen ikus dezakezu uztailaren 23ko Espainiako gorteetarako hauteskundeetan mahaikide izatea egokitu zaizun. NAN zenbakia eta lehen abizena jartzea aski da kontsulta egin ahal izateko.
Iruñeko Udalak ezohiko osoko bilkura egin du gaur 9:00etan hasita, hauteskundeetako mahaietako 837 postuak zozkatzeko. Horietatik 279 mahaiko presidente izanen dira eta 558 mahaiko kide. Ordezkoak ere izendatu dituzte. Beraz, hautatuak guztira 2.511 dira. Hautatuek 18 urte baino gehiago dituzte, eta 70 baino gutxiago.
Zozketak bi zati izan ditu. Lehendabizikoan, bederatzi txandatan, lau zenbakidun bolak atera dituzte. Hala lau zenbakidun zifrak osatu dituzte. Lehen zenbakia mahaiko presidentearena izan da, bigarrena lehen ordezkoarena eta hirugarrena bigarren ordezkoarena.
Laugarren zenbakiak mahaiko lehen kidearena izan da, eta bosgarrena eta seigarrena lehen eta bigarren ordezkoena. Zazpigarren zenbakia mahaiko bigarren kidearena izan da, eta zortzigarren eta bederatzigarrena, ordezkoena.
Hortik aurrera zozketaren bigarren zatia hasi da. Horretan, prozedura informatiko baten bitartez arestian hautaturiko zenbaki guztiak erroldako zenbakiekin uztartu da, eta hala jakin da zein diren hautaturiko 2.511 herritarrak. Zerrenda inprimatu dute, osoko bilkurak onartu du, eta udal idazkariak sinatu.