Gainzaren biribilketa izaten da Sanferminetan, Txupinazoaren ondotik, ofizialki entzuten den lehen kantua, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko kideen, udal txistularien, udal gaitarien eta Pamplonesa musika bandaren eskutik. Azken bi urteetan plazan jo dute. Aurten, baina, udaletxe barruko atalondora itzuliko da.
UPNren udal aginte taldearen erabakia izan da eta joan den astean ezagutarazi zuten ofizialki, 2023ko sanferminen jai egitarauaren aurkezpenean. Erabakiak desadostasuna eragin du musikarien artean: udal txistulari eta gaitari taldeak zein Pamplonesa musika banda alde daude, eta haien jarrera argitzeko agiria plazaratu dute; Euskal Herriko Txistularien Elkartea, aldiz, kontra dago.
Gainzaren biribilketa urtetan udaletxeko atalondoan jo izan da. Une bereziak oso oihartzun urria izaten zuen, musikariek soilik gozatu ahal izaten zuten. Txistularien elkartearen aldarrikapen historikoa zen plazara ateratzea, biribilketari, eta bidenabar txistuari, merezi duen protagonismoa emate aldera.
2021ean eta 2022an biribilketa plazan jo zuten. Haatik, iaz zenbait arazo izan ziren musikariak atalondotik plazara ateratzeko tenorean. Udaltzaingoak ohi baino denbora gehiago behar izan zuen plaza mukuru bete zuten festazaleen artean musikarientzako tartea zabaltzeko. Biribilketa jotzen zuten bitartean, zenbait musikari kanpoan, plazan ziren, baina beste zenbait oraindik atalondoan.
Aurten, beraz, Gainzaren biribilketa atarian joko dute. Udalak iragarri duenez, sonorizatu eginen dute megafoniatik plazan entzun dadin. Eta jarraian, ohi bezala, Animo pues kalejira joko dute plazan.