Hirugarren bideari ezetz esan dio Iruñeko EH Bilduren batzarrak, aho batez

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 16a, 07:29

Iruñeko EH Bilduren batzarra. (Argazkia: EH Bildu)
  • Joseba Asiron alkategai aurkeztuko da bihar, Iruñekko Udala osatzeko osoko bilkuran.
  • Indar subiranistak San Frantzisko plazan elkarretaratzea eginen du 12:00etatik aurrera.

Hirugarren bideari ezezko biribila eman zion EH Bilduren militantziak, herenegun egindako batzarrean. Aho batez onartu zuen Joseba Asiron alkategai moduan aurkeztea eta hartara beste hautagairik ez babestea.

Batzarrean adosturikoaren arabera, hauteskundeetako emaitzek EH Bilduri gobernu aurrerakoi eta ezkertiar baten buru izateko zilegitasuna eman zioten. Hori horrela, bertaratutakoek EH Bilduk betorik eta bazterketarik ez onartzea eskatu zuten, eta horietaz baliatzen diren hirugarren bideak ez onartzea.

Batzarrean izan ziren Joseba Asiron hautagaia, Miren Zabaleta EH Bilduren Nafarroako koordinatzaile nagusia eta Endika Alonso Iruñeko koordinatzailea. Bertan, hauteskundeetako emaitzen irakurketa eta hartu beharreko erabakien azterketa partekatu ziren. Azterketa hau hiru ideia nagusietan laburbiltzen da: “Iruñeko alderdiak lortutako emaitza historikoak izan direla, lehen aldiz eskuinari begietara begiratzen diogula eta EH Bilduk hiriburuan izan duen hazkundea ez dela gauza puntuala, egiturazkoa baizik”. “Zinegotzigo kopurua berdintzeko 770 botora geratu gara, eta 2.900 botora UPNri irabazteko, eta ziur 2027an lortuko dugula”, aldarrikatzen zuen hautagai soberanistak.

Batzar horretan bertan jakinarazi zutenez, EH Bilduk bere militante eta jarraitzaileei dei egingo die larunbatean, eguerdiko 12etatik aurrera, San Frantzisko plazan egingo den ekitaldian parte hartzeko. Asironek berak parte hartuko du Osoko Bilkura amaitutakoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!