2023ko Sanferminetako txistularien alardeak baditu data, ordua eta lekua: uztailaren 9an eginen dute, 12:00etan, Sarasate pasealekuan. Urtero bezala, Euskal Herriko Txistularien Elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatuko dute.
Errepertorio berezia prestatu dute uztailaren 9rako. Azken urteotan, gai jakin bat hautatzen zuten eta horren inguruan ikuskizuna garatzen zuten. Honako honetan musika tradizionala eta pieza berriak uztartzea erabaki dute. “Nortzuk garen ez ahanzteko” eta “sormena ezinbestekoa delako”, alardearen zuzendari Aitor Urkizaren hitzetan. Gidoia Andoni Amadozek idatziko du.
Alardean 50 musikarik parte hartuko dute. Txistuaren profesionalak izanen dira tartean, baita kontserbatorioko ikasleak ere. Emanaldian esku hartuko dute, halaber, Koldo Pastor, Ismael Yague eta Joaquin Lekunberri musikari ezagunez.
Bosgarren alarde txikian, Sua
Bosgarren alarde txikia Europako Musikaren Nazioarteko Egunean ospatuko dute, ekainaren 21arekin, 19:30ean, udaletxe plazan. Honako honetan ere zaharra eta berria uztartuko dute, Bakarne Atxukarrok idatziriko gidoiaren laguntzaz, eta Sua izenburupean.
Berrogeita hamar musikari gaztetxok parte hartuko dute emanaldian. Tartean izanen dira Joaquin Lizarraga ikastetxeko txistulariak eta abesbatza, baita Bilboko Txistulari Txapelketako irabazleak ere. Maika Morales aktoreak hainbat pertsonaia jokatuko ditu ikuskizunean.