Idazmen erotikoko tailer bati diru-laguntza ukatu dio Iruñeko Udalak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko eka. 14a, 07:42

2021eko eKainaren 28ko Iruñeko elkarretaratzea.

UPNren udal aginte taldeak E28 Plataformak proposaturiko gainontzeko jarduera guztiak lagundu ditu

Ekainaren 28ko LGBT Harrotasunaren Egunaren karietara, ekitaldi egitarau mardula prestatu du Iruñeko E28 Plataformak, aniztasuna ikusarazi eta ospatzeko, eta sexu-disidentziari zor zaion trabarik gabeko existentzia aldarrikatzeko.

Iruñeko Udalak plataforman parte hartu du. Udalak jarduerak diruz laguntzea adostu zuten. Azkenean, baina, jarduera bat diru-laguntzarik gabe utzi du UPNren udal aginte taldeak: bihar, hilak 15, egitekoa den idazmen erotikoko tailerra. Hala salatu du tailerraren arduradun Ana Jaka Garcia idazleak, Berria egunkarian argitaraturiko artikuluan.

Jakaren arabera, udalak ez du azaldu zergatik hartu duen erabaki hori. Idazleak salatu duenez, “sinestezina da duela hainbeste argitara ateratako hitzak (erotismoa, marika, orgasmoa) armairura itzularazten saiatzea, are gehiago botere publikoek egitea, eta Ekainaren 28aren testuinguruan”.

“Ez dugu hitz bat beste batekin ordezkatuko. Gainera, zerk kitzikatzen gaituen hausnartzea eta eszena sexualak idaztea helburu duen tailer baterako beste izenburu bat topatzea kosta egiten zait”, gaineratu du Jakak.

Udalaren diru laguntzarik gabe bada ere, E28 Plataformak idazmen erotiko tailerrari eustea erabaki du. Angel Erro idazle burlatarrak Berria egunkariko bere zutabea auzi honi eskaini dio gaur.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!