Aurten Etxarri Aranatzen ospatuko dute Nafarroa Oinez jaia hotsein! lelopean eta gaur aurkeztu duten Nafarroa osoan bai! abesti eta bideoklipa argitaratzearekin batera, sanferminetako Oinez Txokoaren egitaraua aurkeztu dute. Kontzertuak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte heldu eta txikientzat ere, egunean eta gauean zehar.
Maider Ansak azpimarratu duenez, urtero bezala "Takoneran dagoen txosnan ez da jan-edanik faltako", "mota guztietako bokatak" eta edariak eskainiko dituzte. Halaber, giro lasaia eta familiartekoa eskainiko dute goizean, eta "jende gazteari zuzendutakoa iluntze partean", azaldu du.
Goizeko 10:30etatik goizaldeko 03:30ak edo ordu 2ak arte egongo da zabalik, egunaren arabera. Material salmenta postuak ere egongo dira: kamisetak, legginak edo adin tarte guztietarako jantziak salduko dituzte.
Antolatzaileek Oinez Txokoan eta Nafarroa Oinez-en antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen dute, baita udazkenean, urriaren 8an, Etxarri Aranatzen ospatuko den Nafarroa Oinez egunean ere.