UEFAk espedientea ireki dio Osasunari 2013-2014 denboraldiko iruzurren epai batengatik, eta arriskuan jarri du Conferencen Leaguean parte hartzea. Osasunak Euskalerria Irratiari helarazi dionez oraingoz ez haiek ez La Ligak ez dute UEFAren berririk jaso; informazioaren bila ari dira une honetan. Hala ere, La Vanguardia egunkariak argitaratu duenez Europan parte hartu gabe zigortuko dutela ziurtatu du UEFAk. Hedabideak jakinarazi duenez Europako erakundeak kontuan hartu du 2013-2014 denboraldiko partiden iruzurren Auzitegi Gorenaren epai irmoa, orduko agintariak tartean zirela.
Osasunak jakin ahal izan duenez, ikerketa horren arrazoia Auzitegi Gorenak duela hamarkada bat, 2013/14 denboraldian, gertatutakoei buruz emandako epaia da. Gorenaren epaiak honako hau dio: "aipatutako erakundeak ezin izango luke inola ere erantzukizun penalik izan delitu horiengatik, ez bakarrik dolu edo erru gisa egotz daitekeen jarduera baten baldintza ez betetzeagatik, baizik eta erantzukizun penala egoteko beharrezko beste elementuetako bat ere ez hautemateagatik, hau da, erakundearen onurarako egin den delitua" izatea. Auzian osasuna akusazio partikular izan zen eta erantzuleen aurka egin zuen.
Nolanahi ere, Osasuna UEFAren esanetara jarriko da prozesu bati buruz egoki deritzon informazio guztia emateko.
Nola nahi ere, epaitegiek zigortuak izan aurretik ustez ustelkeria kasuetan inplikatutako eta Europako txapelketetatik at utzitako kluben aurrekariak badaude: Oporto, Fenerbache eta Besiktas dira horietako batzuk… UEFAk epaitegien sententziak interpretatzen ditu gero bere nahira bere zigorrak aplikatzeko.