Gaurtik eta ostiralera arte eman daiteke izena entzierrilloetako txartelen zozketarako

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 7a, 07:25

Zozketa ekainaren 15an eginen dute. Iruñeko Udalak 175 pase bikoitz zozkatuko ditu entzierrillo bakoitzerako.

Sanferminetako entzierrilloetarako txartelen zozketan izena emateko epea gaur zabalduko da, ekainaren 7arekin, eta ostiralera arte, hilak 9, izanen da zabalik. Zozketa ekainaren 15an eginen dute. Iruñeko Udalak 175 pase bikoitz zozkatuko ditu entzierrillo bakoitzerako. Urtero bezala guztira zortzi eginen dituzte, uztailaren 6tik 13ra. Interesatuek 010 eta 948 420 100 telefono zenbakietara deituz edo udalaren webgunean eman dezakete izena zozketan.

Parte hartzeko, nahikoa da NAN, AIZ edo pasaportea izatea. Ez dago adin-mugarik eta ez da eskatzen Iruñean erroldatzea. Izena emateko, izen-abizenak eman beharko dira, bai eta harremanetan jartzeko telefono-zenbaki edo helbide elektroniko bat ere. Eskatzaileak SMS bat edo inskripzio-kodea duen mezu elektroniko bat jasoko du. Pertsona bakoitzeko inskripzio bakarra onartuko da. Izena emateko epea amaitutakoan, eskaerak berrikusiko dira bikoiztasunak ezabatzeko.

Entzierrilloa 22:00ak inguruan izaten da. Biharamunean goizeko entzierroan parte hartuko duen ganadutegiko zezenak Gaseko ukuiluetatik Santo Domingokoetara eramaten dituzte, korrikalaririk gabe, isilik, eta zezenen trostaren eta joaldunen zintzarrien soinu bakarrarekin egiten da lasterketa, adardunek gibeletik unaiak dituztela.  Bi korten artean 440 metro inguru daude.

Paseen zozketa ekainaren 14an, asteazkenean, egingo da eta hurrengo bi egunetan SMS, posta elektroniko edo telefono finkoen kasuan telefono dei bidez jakinaraziko zaie saridunei txartelak haientzako direla. Ekainaren 19tik 22ra, paseak Kondestablearen jauregian jaso ahal izango dira. Jasotzen ez diren paseak itxaron-zerrendan geratzen diren pertsonen artean banatuko dira, zozketaren ordenari jarraituz, Udalak jakinarazi duenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!