EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik aho batez kritikatu dute Iruñeko jarduneko alkate Enrique Maiak Txupinazoaren jaurtitzailea erabakitzeko modua. Maiak Osasunaren esku utzi du metxa piztea, aldebakarrekotasunez, nahieran, herritarrei erabakian hartzeko aukerarik eman gabe.
“Udalbatzako gehiengotik behin baino gehiagotan eskatu dugu errespeta dadila 2016an abian jarririko sistema herritarren bozketa bidez hauta dadin Txupinazoaren jaurtitzailea. Maia gehiengo horren gainetik pasatzen den bigarren aldia da”, salatu du EH Bilduk ohar baten bitartez. “Kargua uztear dagoen jarduneko alkatea izateak are larriagoa bilakatzen du egoera”, gaineratu du.
“Ez da batere dotorea kargua uztear dagoen alkateak hautatzea txupinazoaren jaurtitzailea, uztailaren 17an jada berri bat izanen dugunean”, azpimarratu du joan den legealdiko PSNko eledun Maite Esporrinek. “Bistan da partehartzea ez dela Maiaren gogoko”, gaineratu du Patxi Leuzak, Geroa Bairen izenean.