M28 udal eta foru hauteskundeak

Koldo Martinez: “Blokeoa gainditzeko irtenbideak behar ditugu”

Euskalerria Irratia 2023ko eka. 1a, 11:20

Kanpainan “oso lasai” aritu da Geroa Baiko alkategaia eta hala segitzen duela esan du. “Daukagun zoritxarrezko blokeoari begira ari naiz”, esan du Koldo Martinezek. Boto-emaileen %7,55aren baesa izan du koalizioak eta hartara bi zinegotzi erdietsi ditu Geroa Baik. Joan den legealdiko zinegotziak mantentzea lortu dute.

Izandako babesarekin pozik zaudete?

Iruditzen zait oso hauteskunde polarizatuak izan direla. PSNk eta PSOEk EH Bilduri kanpaina egin diote eta horrek sortu du polarizazioa. Jendea mutur batera bidaltzera jotzen du horrek eta iruditzen zait herritarrak ez daudela muturretan baizik zentroan. Baina muturreko aukerak hautatu dituzte. Eguneroko bizitzan baina beste lasaitasun batez bizi nahi dutela esanen nuke.

Elma Saizek zuen botoak bereganatu zituen esateko Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin batera EH Bilduk baino babesa handiagoa dutela.  

Baieztapen horrekin erakutsi duena da urduritasun ikaragarria. PSNren ordezkari batek Geroa Baik zer pentsatzen duen esatea tristea da. Errealitatearekin zerikusia ez duena, gainera.

Hitz egin duzu Saizekin?

Atzo hitzordua lotu genuen eta gaurko geratu naiz. Goiz erdian-edo batzartuko gara. Entzutera joanen naiz. Denak entzuteko prest nago. Asironek deitzen banau ere entzutera joanen naiz. Eurek dituzte boto gehiago eta beraiei tokatzen zaie gurekin hitz egitea. Entzutea tokatzen zait neri.

Indar aurrerakoirik bozkatuenari botoa ematea da Geroa Bairen asmoa kanpainan esan duzuenagatik.

Hala jokatzen du Geroa Baik eta hala jokatuko du hemendik aurrera ere. Gure babesa izanen du indar aurrerakoi bozkatuenak.

PSNk EH Bilduri ezarri dion blokeoak segituz gero hirugarren bidea zabaltzeaz mintzatu zara.  Nola eginen zenuke?

Egoera blokeoan dago eta hori ez da onargarria. Denok dugu gure erantzukizuna. Ez bada aurrera pausorik ematen irtenbide posibleak bilatu beharko dira: Geroa Bai horren alde jarriko da.

Zu izan zaitezke hautagaia hirugarren bide horretan?

Nik espero dudana da, lau alderdi progresisten artean adostasuna lortzea eta alkate progresista izatea. Hori da nire helburu garrantzitsuena. Lauok elkarrekin eseri eta adostu behar dugu. Nik eta Geroa Baik ezin dugu onartu herritarrei bizkar ematea: Iruñeko boto-emaileen %55 aurrerakoiak dira. Horiei ezin diegu bizkar eman. Botoak ezin ditugu zakarrontzira bota.

Zein bide izan daiteke blokeoa gaindituko duena, beraz?

Lehenbizi eseri eta hitz egin behar dugu. Joseba Asironentzat dira Geroa Bairen botoak une honetan. EH Bilduk bere burua defendatu behar du, baita PSNk ere. Baina laurok dugu betebeharra: eskubide horien gainetik laurok betebehar bera dugu: gehiengo progresistaren ordezkaritza Iruñeko Udalera eramatea. Bestela iruzur egiten ariko gara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!