Iruñeko Udalak irabazi-asmorik gabeko erakundeek antolatutako proiektu eta jardueren bidez euskara sustatzeko urteroko dirulaguntzen oinarriak argitaratu ditu dagoeneko. Deialdian 90.000 euro inbertitzea aurreikusten du udalak "euskararen sustapena, hedapena eta normalizazioa xede duten esku-hartze horiek egiteak eragindako gastuak hein batean" finantzatzeko. Laguntza jasotzeko, ezinbestean, Iruñean egin behar dira jarduerak eta "nagusiki eta herritarrei irekita egon beharko dute" zehaztu dute. Jarduera horiek 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartean egin beharko dira.
Deialdia 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (maiatzaren 18koan) argitaratu zen eta eskaerak aurkezteko aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratu eta biharamunetik aitzina. Xehetasun guztiak udalaren webguneko ‘Laguntzak eta diru-laguntzak’ atalean daude eskuragarri. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira Dirulaguntzen eskaera elektronikoa pertsona juridikoendako izapidearen bidez. Iaz deialdi berarekin honako jarduerak finantzatu ziren, besteak beste: ikusmen aniztasuneko Nafarroa Retina elkartearen euskara-gela, doluan dauden pertsonak laguntzen dituen Goizargi elkartearen argibide-liburuxken itzulpena eta C.A. Osasunaren hizkuntza-kudeaketa hobetzea.
Deialditik kanpo geratuko dira "xede edo helburua dela medio beste udal-alorretako dirulaguntzetarako egokiagoak izan daitezkeen proiektuak, dela herritarren partaidetzakoak, gizarteratzekoak, berdintasunekoak edo gazteriakoak direlako, dela hizkuntzen irakaskuntzarekin, edo soilik kirol jarduerekin, adibidez, zerikusirik dutelako" zehaztu du udalak. Izaera kultural edo artistikoa duten euskarazko proiektuak lagunduko dira kultur jarduerak egiteko dirulaguntzen deialdian. Deialditik kanpo geratuko dira ere beste udal-programek finantzatutako proiektuak, irakaskuntza-proiektuak, eta telebista, irrati edo prentsan ematekoak.