M28 udal eta foru hauteskundeak

UPNk irabazi du Iruñean eta Ibarrola izanen da alkate, baldin eta PSNk ez badu Asiron babesten

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 28a, 21:58

Ia boto guztiak zenbatuta (%99,29) UPN alderdi erregionalistak irabazi ditu Iruñeko Udalerako bozak.

 2019ko hauteskundeak alde handiz irabazi zituen Navarra Suma koalizioaren zenbakietatik urruti, UPNk oraingoan 30.500 boto bildu ditu, eta 9 zinegotzi. Hala ere, horrekin nahikoa du lehen indarra izateko eta Cristina Ibarrola erregionalistak Iruñeko aginte makila hartzeko. Betiere, baldin eta PSNk (5), Geroa Baik (2) eta Contigo Zurekin-ek (1), horiek guztiek, EH Bilduren hautagai Joseba Asiron babesten ez badute.

Gaurko zenbaketaren erdian, EH Bildu zebilen lehenbiziko eta horrek ilusioa piztu zuen koalizio subiranistaren kideen artean. Baina une txiki bateko ilusioa baino ez zen izan, UPNk berehala hartu baitzion aurrea. Kontuan hartzekoa da EH Bildu Iruñean lehen indarra izatetik gertu egon bada ez dela bakarrik izan berak gorantz egin duelako -mila boto inguru gehiago eta zinegotzi bat gehiago eskuratu ditu-, baizik eta eskuineko indarrak zatituta aurkeztu direlako ere. Beraz, gauzak horrela, berriz ere bortz zinegotzi lortu dituen PSNren esku geldituko litzateke Joseba Asiron egitea alkate ala ez.

Aipaturiko hiru alderdi horien gibelean, bertze hiru gelditu dira, emaitza apalagoekin. Garcia Adaneroren PP alderdiak eskuratu du laugarren tokia, bi zinegotzirekin. Koldo Martinezek ez du lortu Gero Bairen boto galera gelditzea, eta bi zinegotzirekin gelditu da. Eta, azkenik, talde askoren koalizioa den Contigo Zurekin-ek Udalean sartzea lortu du, zinegotzi bakarrarekin.

Iruñeko udalbatza 27 zinegotzik osatzen dute. Beraz, alkatetza lortzeko gutxienez 14 hautetsiren botoa behar da. Baina hautagaitza bakar batek ere ez badu gutxieneko kopuru hori lortzen, herritarren boto gehien erdietsi duen hautagaitzako burua izanen da alkatea. Hau da, PSNk ez badu EH Bilduko Joseba Asiron babesten, UPNko Cristina Ibarrola izanen da Iruñeko hurrengo alkatea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!