M28 udal eta foru hauteskundeak

Joseba Asiron: “PSN Iruñeko alkatetza UPNren esku uzteko laguntzaile bila dabil”

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 24a, 11:02

>“Elma Saiz esan dezakeen bakarra esaten ari da baina ikusi beharko da hauteskundeen ondotik egiazki zer egiten duen”.

>Indar bozkatuena izateak eramanen luke zuzenean EH Bildu Iruñeko alkatetzara Asironen esanetan.

Azken orduetan lema kolpea eman du PSNk. Izandako jarrera aldaketa horretaz mintzatu da Joseba Asiron EH Bilduko alkategaia. Kanpaina osoan zioen PSNk alderdi sozialistako kideek euren buruei emanen lioketela botoa udaletan, eta orain, bestelako proposamena egin du: EH Bilduri bizkar emanda Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari luzatu die eskua udaletan elkarrekin jarduteko eta zerrendarik bozkatuenari alkatetza erdiesteko. EH Bilduko alkategaiak argi du: “Damutuko zaizkien hitzak direla esanen nuke. Saiz bidelagunak bilatzen ari da. Eta horretarako ez du tarterik”. Instituzio bakoitzean indar aurrerakoien artean bozkatuena babestu behar da Asironen esanetan. “Hauteskundeen ondotik beste jarrera bat har dezakeela esanen nuke, ez litzateke lehen aldia izanen. Ni saiatzen naiz, esaten une bakoitzean pentsatzen dudana eta egia dena esaten, eta gero beteko ez ditudan hitzak ez esaten saiatzen naiz”. EH Bilduk indar aurrerakoien aldeko jarrera hartuko duela azpimarrtau du “instituzio eta udal guztietan”.

Iruñean zerrendarik bozkatuena izanda, alkatetzara

Iruñeko alkatetza bi aukeren artean dagoela uste du EH Bilduko alkategaiak: “Eskuinak edo EH Bilduk hartuko du aginte makila. Lehen indarra izanda alkatetza zuzenean lortzea ekarriko du”. Izan ere, hainbat inkestek diote UPN 500 botora izan dezakeela EH Bilduk hiri buruzagian. Joseba Asironek gogoan izan du azken legealdian Navarra Sumak 13 zinegotzi izan dituela eta azkena, 13.ena, 142 botoren aldearekin atera zuela. “Eskuina banatuta dago eta horrek mesede eginen digu. Oso gertu ibiliko gara, berdinketa teknikoan kokatu gaituzte batzuek. Oso boto gutxiren aldearekin egonen gara”, esan du EH Bilduko Iruñeko alkategaiak. Lehen indarra izatea izanen da modu bakarra udal gobernu ezkertiarra izateko. “Ez dut uste gu lehen indarra izanda PSNk UPNren botoak onartzea alderdi sozialistak aginte makila izateko. Suizidioa litzateke”, gaineratu du Asironek.

Zezenik gabeko sanferminak ez lirateke ulertuko oraingoz

Sanferminetarako 40 egun geratzen diren honetan Asironek uste du entzierrorik eta zezenketarik gabe ez liratekeela ulertuko: "Entzierroak ukiezinak dira eta zezenketak ez ditu alkate batek kentzea erabakiko", esan du. Festak berpentsatu beharraz mintzatu da luzera begira. Egun batetik bestera zenbait erabaki ezin direla hartu uste du. Eztabaida irekia planteatu beharr dagoela dio eta bilakaera logiko baten ondorioz erabakiko direla zenbait aldaketa. 

Iruñeko Alde zaharrean diren bi eraikuntzaz galdetuta, autobus geltokia birgaituko luke, kontserbatu eta bertako ekonomia jasangarriko negozioak mantendu. Haurrei bideratutako plaza estalia gehiagorako tokia ere izan liteke eta jatetxea bere horretan utzi. Memoria eremu bat sortuko luke erlojuaren inguruan eta eraikinaren goikaldean etxebizitza kolaboratiboak sortuko lituzke.

Erorien Monumentuarekin eginen lukeena erabakitzeko lehenbizi jendeari galdetuko lioke. EH Bilduk duen erronken artean etxebizitzarena: "plan soziala martxan jarri nahi dugu 1000 etxebizitza egin daitezke auzoetan dauden 20 orubetan".

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!