Nafarroako Gobernuak hiri-garraioa finantzatzeko 19,1 milioi euroko dirulaguntza baimendu dio Mankomunitateari

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 17a, 19:31

Gobernuaren ekarpenak 1,3 milioiko gehigarria jasotzen du, bidaien prezioaren % 50eko murrizketari erantzuteko.

Nafarroako Gobernuak Iruñerriko Mankomunitateari (MCP) 19.124.296,51 euroko dirulaguntza ematea onartu du, eskualdeko hiri-garraioa finantzatzeko. Gobernuak erakundeari urtero ematen dion laguntzak TUCeko bidaien prezioaren % 50eko murrizketari aurre egiteko 1,3 milioiko gehigarria barne hartzen du.

Espainiako Gobernuak joan den abenduan onartu zuen 20-/2022 Errege Lege Dekretua krisialdi sozial eta ekonomikoa arintzeko neurriak finkatzeko, garraio publikorako dirulaguntzak esaterako. Honen arabera, ekainaren 30era arte hiriko edo hiriarteko garraioaren prezioa gutxienez % 50 murriztea adostu zuten autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei finantza-laguntza emanez. Estatuaren dirulaguntzak erakunde onuradunek beherapen horiek ezartzeko eta osatzeko hartutako konpromisoari lotuta zeuden, Gobernu zentralak murrizketaren % 30 bere gain har zezan eta tokiko-administrazioek gainerako % 20a.

Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak neurri horren aplikazioa beren gain hartu zuten, eta horrek 2023ko Iruñerriko Hiri Garraioaren Plana aldatzea eskatu zuen. Izan ere, Foru Gobernuak 17.900.000 euroko aurreikuspena egina zuen 2023ko gastu-aurrekonturako, baina kopuru hori ez da aski izan garraio-txartel eta bonu anitzen prezioak erdira murriztu direlako. Hala, apirilean, 15/2023 Foru Legea onartu zuten Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aldeko 1.317.427 euroko kreditu-gehigarri baten bidez eragindako defizitaren gehikuntza osatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!