Prentsaurrekoa atzo 10:30ean zen egitekoa. Zonaldeko Hauteskunde Batzordearen notifikazioak 10:31 zuen jasoa sinadura elektronikoa. Ez dago argi jakinarazpen garaiz iritsi zen agerraldia bertan behera utzi ahal izateko. Nolanahi ere, agerraldia egin zuten eta udaleko komunikazio zerbitzuek bi ordu geroago, 12:00etan, zabaldu zuten agerraldiari buruzko prentsa oharra.
Zonaldeko Hauteskunde Batzordeko Esther Fernandezek UPNren udal taldeari helaraziriko jakinarazpenaren arabera, Arrosadia auzorako aurreikusiriko azpiegitura soziokultural berriari buruzko prentsaurrekoa bertan behera utzi behar zen, “hauteskunde kanpainan gaudelako, eta aipaturiko ekitaldia jada deseginda dagoen Iruñeko Udaleko zinegotzi batek deiturik dagoelako, eta ekitaldia egiteak Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 50 artikuluak zehazturikoa urratuko lukeelako”.
Aipaturiko 50 artikulu horrek 2 puntuan dio “hauteskundeetara deitzen denetik eta hauteskundeak egin arte, debekaturik dagoela botere publikoek edozein ekitaldi antolatzea edo finantzatzea, zuzenki edo zeharka, haren lorpenei buruz aipamenak egiteko”. Artikulu beraren 3 puntuak zehazten duenez, “epe horretan berean debekaturik dago obra, zerbitzu edota proiektu publikoen inaugurazio ekitaldiak egitea”.