Sei kontzertu eskainiko dituzte 'Kantu eta Hitza' zikloan

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 15a, 13:31

Maiatzaren 18a eta ekainaren 22a bitarte euskal eszenako musikariak oholtzaratuko dira O plazan. 

Formatu txikiko euskarazko kontzertuen zikloa, Kantu eta Hitza, Donostiako Ama Birjinaren plazara itzuliko da. Aurtengo egitaraua sei kontzertuk osatuko dute: Rafa Rueda, Lumi, Olaia Inziarte, Sara Azurza, Nahiak Nahi eta Balerdi Balerdi. Emanaldiak ostegunero izango dira, maiatzaren 18tik ekainaren 22ra, 20:00etan, eta sarrera librea izango da lekua bete arte. Euria eginez gero, kontzertuak Oinutsik kaleko Erraldoien Patiora eramango dira.

Rafa Ruedak bi hamarkada baino gehiagoz euskal musikan egindako ibilbidea errepasatuko du bere azken lanaren aurkezpen gisa eskainiko duen kontzertuan. Rueda du izena albumak eta gitarra, ahotsa, elektronika eta literatura uztartzen ditu, Joseba Sarrionandia, Elena Olave, Iñigo Astiz, Mari Luz Esteban, Audre Lorde, Inge Müller eta Josu Goikoetxearen poemak abesti bihurtuz. Literatura eta musika uztartzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du dagoeneko Rafa Ruedak eta ekoizle gisa ere aritu da beste abeslari batzuentzat.

Maiatzaren 25ean, Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek osatutako Lumi elektro-pop bikoteak Bezperen dirdira (2022) diskoko kantuak joko ditu. Ziburuko eta Donibane Lohizuneko bi musikari hauek folk musikaren eta musika elektronikoaren bideetatik ibilitako bideak batu dituzte, euskarazko abestiak soinu elektronikoz jantziz, malenkoniaz eta melodia irrealez beteriko giro paregabe eta ederra lortuz. 

Ekaineko kontzertuak

Ekainaren 1ean, Olaia Inziarte artista baztandarrak Lehengo Lepotikan Burua bere lehen diskoa aurkeztuko du, kontzertu akustiko batean. Bere konposizioetan pop ilun bat aurkitzen dugun arren, Nafarroako kantutegi herrikoiaren erreferentzia etengabeak daude, bere sustraietatik abiatzen diren melodia erraz eta alternatiboak osatuz, beti modu intimoan. Iker Lauroba, Joseba Tapia eta Chica Sobresaltorekin musika lanetan aritzeaz gain, Pleura taldearen ahotsa ere izan da.

Laugarren kontzertuak, ekainaren 8an, osteguna, Sara Azurza donostiarra eramango du oholtzara. Aurten atera du bere lehen lana abeslari eta konpositore gisa, Hemen berriro, bizitzaren ziklo emozionalari buruzko bederatzi abesti, eta popa, soula, funkya eta elektronika bezalako estilo desberdinak uztartzen dituzten melodien gainean bidaiatzen duten emozio eta sentimendu desberdinak islatzen dituztenak.

Ekainaren 15ean Nahiak Nahiren txanda izango da. Erori behar haina bere azken lana da, mimoz, xehetasunez eta maitasunez landutako 4 abestiz osatutako EPa. 'Erori behar haina', 'Eman sua', 'Gora!' eta 'Hego berriak' lanek osatzen dute ezbeharrari aurre egiteko asmoa aldarrikatzen duen lana. Proposamen zuzena, hurbila eta konplizitatez betea. Nahia Ojeta, Burlatako musikari familia baten bigarren belaunaldia, buru duen taldearen izena da Nahiak Nahi.

Balerdi Balerdi talde nafar beteranoak itxiko du Kantu eta Hitza-ren edizio berri hau, ekainaren 22an. Udaberri alua, 'Udaberi alua' eta 'Azken Kanta' abestiek osatutako binilozko singlea, aurkeztuko dute. Formatu digitaleko beste bi abestik osatzen dute lana, 'Gurpilen antzera' eta 'Bizi bedi rock 'n' rolla'. Power-pop estiloa folk, rythm-and-blues eta country ukituekin, bere ibilbidean taldearen ezaugarri izan dena, oraindik ere presente dago kantu berri hauetan, eta letrak, ikuspegi berri batetik, denboraren kontzientzia garatzen dute, aurreko Galtzen ikasteko metodoa lanaren gai nagusia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!