Bidaiarien garraio greba deituta dago ostiral honetarako, Errege Kopako finalaren egun bererako eta horrek Osasunako zale askori zuzenean eragiten die; kontratatuta dauden 150 autobusen bidaiak kolokan daude. Gaur arratsaldeko 19:00etan batzarra deitu du patronalak eta negoziazio-mahaian hitzarmenaren testua berretsiz gero, mobilizazioak bertan behera utziko dituen aurreakordioa sinatuko dute. Izan ere, 2020tik sektoreak ez zuen hitzarmenik eta negoziazio lanetan aritu dira. Lanaldiaren malgutasuna dela eta desadostasun handiena izan dute negoziazioetan.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek duela aste batzuk salatu zutenez, soldatak izoztuta zeuden 2017tik eta eskari horri gehitu behar zaio "plantillak enpresaren esku dituen ordu guztiak" lan egindako lanalditzat hartzeko eskaera. ANET Nafarroako Errepide bidezko Garraio eta Logistika Enpresaburuen Elkartearekin elkarrizketa-mahaian aurrerapausorik eman ez zenez, bi orduko lanuztea egin zuten apirilaren 19an eta arrazoi berberengatik 48 orduko greba deitu zuten datorren maiatzaren 5ean eta 6an, hain zuzen ere Errege Kopako finalarekin bat.