Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute, euskararen arloan aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak emateko, hala eskatzen duten toki entitateei. Euskararen esparruan laguntza teknikoa eskaintzeko zerbitzuak abian jarriko dituzte. Esaterako, udaletako teknikarientzako prestakuntza-eskaintza zabaltzeko, euskaraz argitaratutako testuen kalitatea eta ulergarritasuna hobetzeko, toponimiarekin eta tokiko hizkerarekin zerikusia duten ikerketetan eta proiektuetan parte hartzeko, bai eta mendiak, poligonoak, bide publikoak eta abarren izendapen egokia adierazteko.
Federazioko lehendakaria, Juan Carlos Castillo Ezpeleta, eta Euskaltzaindiako lehendakaria, Andres Urrutia Badiola, izan dira hitzarmena sinatzeko arduradunak. Sagrario Aleman Astitz Akademiaren Nafarroako ordezkaria ere izan da gaurko ekitaldian. Bertan adierazi dutenez, zerbitzu horiek jasotzeko, aipatutako eremuan lan egiteko behar adina baliabide ez izateagatik, arreta berezia behar duten entitateek izanen dute lehentasuna. Hitzarmenaren helburu nagusiak lortzeko, gainerako erakundeekin lankidetzan aritzea aurreikusten dute sinatzaileek, bereziki, Nafarroako Gobernuan euskararen normalizazioaren arloan eskumena duen departamentuarekin.