Iruñeko Arrotxapea auzoko Plazaola tunelaren barruan lo egin ohi zuen 44 urteko gizon bat hilda aurkitu zuten atzo, astelehenarekin. Autopsiak argituko ditu heriotzaren arrazoiak, baina Udaltzaingoak ez du indarkeria zantzurik atzeman. Atzokoa gau hotza izan zen Iruñean, tenperatura minimoa sei gradukoa izan zen.
Apirilaren lauan, Iruñeko zortzi elkartek elkarretaratzea egin zuten Udaletxe plazan, salatzeko erakundeek ez dutela aski bitartekorik jartzen herritar guztien etxebizitza eta elikadura eskubideak betetzeko. Halaber, salatu zuten martxoaren 31n erakundeek amaitutzat eman zutela hotzaren aurkako protokoloa, hori dela eta Iruñeko Udalak Jesus eta Maria aterpetxea etxe gabeko pertsonentzat itxi zuela (Donejakue bideko erromesentzat zabaltzeko).
Zortzi elkarte horietako bat da Paris 365. Ione Arnedok gizarte langile moduan lan egiten du bertan. Haren aburuz, “erakundeek baliabide gehiago jarri behar dituzte egiturazko arazo honi aurre egiteko”. Are gehiago, “etxebizitza beharrei aurre egin behar zaie, baina ez bakarrik horiei, elikadura beharrak ere hor baitaude”.
Argazkia: Guaixe.eus