Iruñeko Arrotxapea auzoko Plazaola tunelaren barruan lo egin ohi zuen 44 urteko gizon bat hilda aurkitu zuten atzo, astelehenarekin.
Autopsiak argituko ditu heriotzaren arrazoiak, baina ez dute indarkeria zantzurik atzeman. Atzokoa gau hotza izan zen Iruñean. Tenperatura minimoa sei gradukoa izan zen.
Gizonezkoaren gorpua Trinitariosetik gertu aurkitu zuten, Gipuzkoa etorbideko biribilgunearen eta Larraina aldaparen azpian dagoen lurpeko pasabidean. Iruñeko udaltzainak eta mediku bat bertaratu ziren, eta heriotza egiaztatu zuten. Gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntza eta Auzitegi Zientzien Institutura eraman dute autopsia egiteko.
Jesus eta Maria aterpearen itxiera salatua zuten zazpi elkartek
Iruñean, 40 lagunek ematen dute gaua kale gorrian urte osoan. Martxoaren 31n, erakundeen hotzaren aurkako protokoloaren amaierak beste 50 lagun bultzatu zituen egoera horretara, horren karietara Jesus eta Maria aterpetxea etxerik gabekoentzat itxi baitzuten. Hala salatu zuten apirilaren lauan zazpi elkartek, Iruñeko Udaletxearen aitzinean elkarretaratzea eginez.
Mugak Zabalduz Karabana, PIM-MIG, Elkarrekiko Laguntza, SOS Arrazakeria, Lantxotegi Elkartea, Haziak, Paris 365 eta Oxfam Intermon elkarteek salatu zutenez, aterpetxearen itxierak hainbat herritarren oinarrizko eskubideak urratu egiten ditu, oinarrizko eskubidea baita elikadura eta sabai duinak edukitzea.