Bi astez, “Se vende/Salgai” kartelak azaldu dira Alde Zaharreko balkoi eta leihoetan. Alde Zaharraren eta bere espazio publikoen komertzializazioa gaitzespena adierazteko helburuarekin AZ Ekimenak martxan jarritako ekintzetako bat izan da. Bihar emanen diote amaiera kanpainari, 12:30etan, Burgoen Plaza. “Etxebizitzen kanpoaldean jarritako kartela izan duten pertsonek kartela kendu eta Burgoen Plazara eraman beharko dute, bertan batera denak suntsitzeko”, azaldu dute.
Hiri handietan gertatzen den fenomenotzat hartu izan ohi da gentrifikazioa, baina, Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek bertan dela ohartarazi dute: “Alde Zaharrean sortutako gazteak ezin dira hemen bizi, alokatzeko etxebizitza gutxi daudelako eta daudenak oso garestiak direlako. Tantaz tantako desplazamendua ematen ari da”. Hiru dira fenomenoaren ondorioak: “Batetik, gehiegizko ostalaritza ustiaketa, horrek dakarren espazio publikoaren pribatizazioarekin, zaratarekin, zikinkeriarekin; bigarrenik, gehiegizko eta denetariko ekitaldien metaketa eta azkenik, turistifikazioa
Auzoaren merkaturatzea eta bizilagunen bizi-baldintzen okertzea izan zen AZ Sare Komunitarioak urrian antolatu zituen auzo-jardunaldien gai nagusietako bat. Jardunaldi horietatik aurrera lantalde bat sortu zen arazoari aurre egiteko. Taldeak ekintza-programa zabal bat diseinatu du.