Juan San Martinen eta Ritxi Lizartzaren Ainarak dokumentala pantailaratuko dute Kondestablearen Jauregian gaur, arratsaldeko 19:30ean hasita. Jarraian, Anne Etxegoienek hitzaldi kontzertua eskainiko du. Donapaleuko abeslaria pelikulan azaltzen da, gidari moduan, eta soinu banda berak sortu du.
Ritxi Lizartzak eta Juan San Miguelek zuzendutako “Ainarak” dokumentala iazko azaroan estreinatu zuten zinemetan, eta hilaren 9an, ostegunarekin, Txakolingunean izango da ikusgai. Gainera, dokumentalaren gidari-lanak egiten dituen Anne Etxegoien abeslariak kantaldi txikia eskainiko du ondoren.
XIX. mende amaieran eta XX.aren lehen herenean Pirinioak zeharkatzen zituen emakumezkoen migrazioa du oinarri “Ainarak” dokumentalak. Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) oinez egin zuten bidaia, espartingintzan lan egiteko. Emakumeak –askotan 12 urtetik beherakoak– familia eta herria atzean utzi eta lanera joaten ziren, diru pixka bat irabazteko. Egunean hamasei orduko lana egiten zuten sarri.
Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joaten zirelako esaten zitzaien “Ainara” migratzaile haiei. Anne Etxegoienen eskutik, ainara gazte haien historia kontatzen du dokumentalak.