Hemeretzi urte igaro dira Valeriano de la Peña polizia nazionalak eta bere seme Miguel Josek Angel Berrueta labankadaz hil zutenetik, Iruñeko Donibane auzoko haren okindegian. Beste horrenbeste, Berruetaren hilketa salatzeko Hernanin egindako elkarretaratzean, Ertzaintzaren oldarraldi batean, Kontxi Sanchiz hil zenetik. Eta urtero bezala, hutsik egin gabe, Donibane auzoan omenaldi jendetsua egin diete.
Ekitaldian salatu dute Berrueta muntaia mediatiko batek sorturiko gorrotoaren biktima izan zela. Izan ere, PPk, hainbat hedabideren laguntzaz, M11ko Madrilgo atentatuen egilea ETA izan zela zabaldu nahi izan zuen lau haizetara, hurbil ziren hauteskundeetan Espainiako Gobernuari eutsi ahal izateko. Eta ingurumari horretan behartu nahi izan zuten Valeriano de la Peña poliziak, haren emazte Maria Pilar Rubiok eta haien seme Miguel Josek hori zioen afixa Berruetaren okindegian.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Gurasoak elkarteko ordezkariak (horretako kide zen Berrueta), Santxizen senideak, Eneko Etxeberria (Naparraren anaia) eta EH Bilduko hainbat ordezkari (tartean, Joseba Asiron eta Laura Aznal). Ekitaldian, Aitziber Berruetak biktima aitortza ofiziala eskatu du bere aitarentzat: “Polizia Indarkeriaren Biktimen Legea estuegia dela badakigu, baina saiatu behar dugu tresna hori erabiltzen aitor dezaten gure sufrimendua, gure familien sufrimendua”.