Hemeretzi urte bete dira Angel Berrueta hil zutenetik

Donibane auzoko bizilagun eta okin ezaguna gogoan hartuko dute gaur, 19:00etan, Martin Azpilikueta kalean.  Espainiako polizia batek eta haren semeak tiroz hil zuten Angel Berrueta, 2004an. 

Keinu txikiak lelopean gogoratuko dute arratsaldean Donibaneko herritarrek Angel Berrueta auzokidea. Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kideak eta Miguel de la Peña 19 urteko gazteak tiroz eta labankadaz hil zuten, 2004ko martxoaren 11ko atentatuak gertatu eta bi egunera. 

Madrilgo atentatuak ETAk egina zirela zabaldu zuen Espainiako Gobernuak, eta ETA gaitzesteko kartela okindegian jartzeko galdegin zion Pilar Rubio poliziaren emazteak. Eztabaida izan zuten, halakorik egiteko asmorik ez zuelako Berruetak. Horregatik egin zion tiro kalez jantzitako poliziak. "Madrilen gertatutakoa argitu zenean jakin zen erailketa sortu zuen bertsioa modu meditatuan erabilia izan zela; hau da, Angel Berrueta hanbat mezu faltsu, asmo txarreko eta amorratuengatik eraila izan zen. Angel biktima da, eta ondorioz, aitortua izan dadila nahi dugu", azaldu dute Angel Gogoan ekimenean bildutako auzokide, lagun eta senideek.

2016an Berrueta izaera politikoko biktima dela aitortu zuen Iruñeko Udalak, UPN eta PSN alderdien ezezkoarekin.

Kontxi Sanchiz ere ekarriko dute gaur gogora. Hernanin, gaur hameretzi urte, Berruetaren aldeko protesta batean zendu zen bihotzekoak jota. Ertzaintza bortizki oldartu zen manifestarien aurka.