Gobernua akusazio gisa aurkeztuko da Gazteluko plazako sexu erasoaren auzian

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 28a, 07:30

Parlamentuko indar guztiek gertaturikoa salatu eta elkartasuna azaldu diote biktimari

Nafarroako Gobernua akusazio gisa aurkeztuko da, larunbat gauean Gazteluko plazako atari batean izaniko sexu erasoaren auzian. Hala iragarri zuen atzo Maria Txibite lehendakariak. Ikerketak gertakariak berresten baditu, exekutiboak “halakoetan egin ohi duenez” akusazio gisa aurkeztuko da”; izan ere, “egenero indarkeriaren biktima diren emakumeen esku beharrezkoak diren baliabideakjartzen ditu Nafarroako Gobernuak”.

Parlamentuko gainontzeko indar politikoek erasoa gaitzetsi zuten atzo, Mahai eta Eledunen Batzarraren bilkuraren ondotik. Navarra Sumako eledun Javier Esparzak “elkartasuna” adierazi zion biktimari, eta Iruñeko Udaltzaingoa txalotu zuen, ustezko erasotzailea atxiloturik dagoelako. PSNko bozeramaile Ramon Alzorrizek sustengua adierazi zien emakume guztiei, “beldurrik gabe bizitzerik eduki dezaten”.

Geroa Baiko ordezkari Uxue Barkosek ere “elkartasuna” adierazi zion biktimari: “beste behin ere, halako erasoen guztiz kontra gaude”. Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek salatu zuen “atariak ere ez direla toki seguruak emakumezkoentzat”. Azkenik, Izquierda Ezkerrako Marisa De Simonek gauza asko daudela egiteko nabarmendu zuen, “bai hezkuntzaren alorrean, baita zaintzaren alorrean ere”.

Erasoa larunbat gauean gertatu zen, Gazteluko plazako atari batean. Biktimak gertaturikoa salatu eta gero, Iruñeko Udaltzaingoak ustezko erasotzailea, 24 urteko gazte bat, atxilotu zuen Arrotxapeko hotel batean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!