2019an, Enrique Maia PSNren botoei esker izan zen alkate. Ordutik, bai Nafarroako Parlamentuan bai Espainiako Diputatuen Kongresuan, asko hurbildu dira alderdi sozialistaren eta EH Bilduren arteko jarrerak, nabarmen normaldu dira bion arteko harremanak.
Gauzak horrela, maiatzaren 28aren ondotik Iruñeko Udalbatzan indar oreka errepikatuz gero zer espero duen galdetuta, baikor mintzatu da Joseba Asiron, EH Bilduren alkategaia, EUskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan. “Bai Nafarroan bai Madrilen lan itzela egin da, eta balio izan du lubaki edo hesi asko gainditzeko, eta eszenatoki batean sartzeko. Logikoa da bi indar aurrerakoik bat egitea gai sozialetan”, azaldu du. “Hortik aurrera zer gertatuko den hurrengo legealdian? Iruñeko Udalari dagokionez, nik oso argi dut jendeak ez luke barkatuko berriro adostasunak lortzeko gauza ez garelako eskuinak alkatetzan segitzea”, gaineratu du.
“Eskuinaren aroa amaitzen ari da”
Eskuinak sumatzen du aldaketa soziologikoa badatorrela, bukatzen ari zaiela orain arte eduki duten monopolioa eta pagotxa, eta horrek aurkakotasuna piztu du”, azaldu du Asironek, Iruñeok Udalbatzako giro zakarraz galdeturik.
EH Bilduren hautagaiak agorturik dakusa UPNren eta Maiaren eredua. “Egin duen guztia zapuztu du. Hauteskunde kanpainan bere hitza konprometitu zuen eta gero oso agerian geratu da: “Gezur asko bistakoak dira, adibidez, Labriteko zaldaina, Pio XII, Santa Engraziko presa eta orain Fermin Alonsok sortu duen enegarren txandrioa, Zangoza kaleko aparkalekua”.
“Ezin dut esku hartu EAren barne kontuetan”
Eusko Alkartasunako Nafarroako Herrialde Batzarrak sektore kritikoko hautagaiak aukeratu ditu EH Bilduk foru parlamenturako aurkeztuko duen zerrendan sartzeko. Alderdiko buru Eba Blancok horiek bazterrean utzi eta sektore ofizialekoak proposatuko dizkio EH Bilduri.
Auzi horretaz galdeturik, Asironek erantzun du EH Bilduk ezin duela esku hartu EAren barne eztabaidetan: “Ni ez naiz EAkoa eta gauzak horrela ezin dut erabakirik hartu EA barruan dauzkaten desadostasunetan”, azaldu du.
Egun, EH Bilduren Iruñeko udal taldean badira EAko sektore kritikoko kideak. Horien etorkizunari buruzko itaunari erantzun dio “sentsibilitate guztietako ordezkariak” izanen direla EH Bilduk Iruñeko Udalera aurkeztuko duen zerrendan.