Osasunari eman dio arrazoia Espainiako Futbol Federazioko diziplina epaileak, 'Geyse auzia'-n. Hala, gorritxoei eman diote Bartzelonaren aurkako partidaren garaipena, eta Erregina Kopako final-laurdenak jokatuko dituzte. Talde kataluniarra, berriz, kanporatu egin dute.
Bulegoetan irabazi du Osasunak partida. Zelaian, aurkaria baino nabarmen okerrago aritu baitzen etxekoa. Urtarrilaren 10ean jokatu zuten Osasunak eta Bartzelonak norgehiagoka Sadarren, Erreginaren Kopako final-zortzirenetan. 0-9 galdu zuten gorritxoek, baina partida erreklamatu zuen Emakumezkoen Osasuna Fundazioak, Geyse Ferreira jokalaria zelairatu zuelako kanpokoak.
Bartzelonako egungo erasotzailea da Ferreira. 2022ko martxoaren 17an kanporatu zuten aurreko Erreginaren Kopako edizioan, Sporting Huelvaren aurkako partidan. Orduan ez zuen zigorra betetzerik izan, haren taldea kanporatu zutelako lehiatik, eta edizio honetarako pilatzen zitzaion zigorra.
Azken ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkeztuko du Bartzelonak Apelazio Batzordean.