Burlatako Euskararen Ordenantza murrizteko neurriak salatu ditu Euskararen Defentsarako Sareak

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 24a, 10:40

Euskararen Merezimenduen Dekretua ELA LAB STEILAS

Navarra Suma eta PSOEren murrizketen kontra alegazioak aurkeztu dituzte Burlatako zenbait eragilek.

Navarra Sumak eta PSOEk Burlatako Euskararen Ordenantza murriztearen aurrean, Euskararen Defentsarako Sareak komunikatua zabaldu du. Besteak beste, alderdiek euskara meritu moduan puntuatzeko beharra desagerrarazi nahi dute. Gainera, indarrean dagoen Euskararen Foru Dekretuaren aurka, testu eta errotulazioetan gaztelania euskararen aurretik lehenetsi nahi dutela salatu du Euskararen Defentsarako Sareak.

Era berean, D ereduaren aldeko kanpainak egiteko beharrak kendu nahi dituztela eta murrizketa berriez gain, orain arte Euskararen Ordenantza zenbait kasutan bete ez dela gaineratu du sareak. “Ez dute kanpainarik egin euskararen alde. Halaber, Plantilla Organikoan, ez dituzte errespetatu euskararentzat ezarritako ehunekoak”, biltzen du komunikatuak.

Euskararen Defentsarako Sareak “euskarak Burlatako oraingo agintariekin etorkizun latza” duela adierazi du eta  “alegazioak bultzatzeko mugimendu gehiago” eragin beharko direla. Murrizketen kontra alegazioak aurkeztu dituzte Axular Elkarteak, AEK-k, Gubaigu - Ermitaberriko Guraso Elkarteak, Burlata Futbol Eskolak eta beste batzuk, aldaketak ezeztatzeko xedez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!