Ateak lau terdietan irekiko zirela iragarri arren, lauak hamar gutxiagotan dagoeneko baziren iruindarrak zai planetarioko ate inguruan. Lauetarako jadanik osatua zen ilara eta apurka apurka joan zen luzatuz, Yamaguchi parketik, Barañain etorbideruntz. Helduak eta zaharrak, adineko pertsonak, familiak eta haur txikiekin elkartutako guraso kuadrillak, denak zai irulegiko aurkikuntza gertutik ikusteko. Planetarioko langileak lilurauta, etengabe ilara luzeari argazkiak eginez, Aranzadiko Mattin Aiestaran ere zur eta lur, sinistu ezinik zer ikusten zuen.
Lau terdietan zabaldu ziren ateak eta banan banan sartu ziren herritarrak eskua ikustera. Hamaika irudi, ehunka selfie, talde argazki aunitz…
Ilara luzea Iruñeko planetarioan Irulegiko Eskua ikusteko#IrulegikoEskua pic.twitter.com/AVOJRP7EHf
— Euskalerria Irratia (@fm983irratia) December 29, 2022
Erakusketaren arduradunak urdurituz joan ziren, ikusle emaria amaiezina zelako. "Izan kamerak prest tokatzen zaizuen unerako!" Iragartzen zuten jendeak argazkien enfokean denbora gal ez zezan. 20 segundu esku aurrean, "telebistan handiagoa ematen du" eta bueltan kalera, hurrengoen txanda.
Planetarioak emandako datuen arabera, 6.000 pertsona baino gehiago pasa ziren eskuaren aurretik . Gainezka egin zuen aurreikuspenak eta ordutegia luzatzeaz gain, alboetako pasabideak ere ireki behar izan zituzten, aurrez aurre ezin bazen, behintzat ilaran ziren azkeneko iruindarrek eskua albo batetik ikus zezaten.