Ofiziala da. UPN bakarrik aurkeztuko da foru eta udal hauteskundeetara, maiatzean. Hala erabaki du alderdiko zuzendaritza batzordeak, aho batez. Eta batzordeko kide guztiak, UPNko buru nagusiak ondoan zituela agertu zen atzo Javier Esparza presidentea horren berri ematera: “Banatuta joatea da aukera gehien emango diguna gure helburua lortzeko: Nafarroa berriz lideratzea eta EH Bilduk ez agintzea herrialdean”.
Maiatzean ez da Navarra Sumaren boto paperrik izanen, ez eskuineko koaliziorik. PSNrekin akordioak lortzeko aukera eman diezaiokeen bide bakarra hartu du alderdi erregionalistak. Diotenez, “sozialista moderatuak” bereganatzeko. Larunbatean berretsiko du erabakia alderdiaren batzorde politikoak.
Javier Esparzak dio alderdi popularrak udan hartu zuela erabakia; eta horri erantzuten diola hartu duten bideak. PPk egin bezala, alde bakartasunez landu dute gaia erregionalistek, oraindik koalizio kide dituenekin mintzatu gabe. Ciudadanoseko Antolakuntza eta Ekintza Instituzionaleko idazkaria eta Nafarroako koordinatzailea den Carlos Perez Nievas gogaituta azaldu da formekin. Erabakia okerra dela dio. Erabakiaren aurka azaldu dira, halaber, orain gutxira arte UPNko kide ziren Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero. UPN "sanchismoari" eman diola esan du Sayasek, sare sozialetan.
Egoera horrela, momentuz eskuineko lau alderdi aurkeztuko dira maiatzean udal eta foru hauteskundeetara. UPN, PP, Vox eta, aukerarik gabe ia, Ciudadanos. Oraindik argitzeko dago PPren edo Voxen ondoan edo barruan izanen duten lekua Sayasek eta Adanerok.