AHTren obrak bertan behera uzteko exijitu dute, erromatarrez jantzita

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 12a, 07:31

LArunbateko manifestazioko une bat. (Argazkia: Orain Ardura)
  • Orain Ardura ekimenak modu horretan agintariez “trufatu” nahi izan du: “Beraiek egunero egiten dute barre gutaz”.
  • 2023an AHTean gastatuko dituzten 71 milioiak “kultura, osasuna, etxebizitza, zerbitzu sozialak eta lan baldintzak hobetzera” bidera ditzaten eskatu dute.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta irudimentsua egin zuten larunbat eguerdian Iruñean. 12:00etan, erromatar soldaduak elefante zuri batekin abiatu ziren desfilean, Nafarroako Jauregiaren paretik. “Gu gaur trufatu gara gure agintariez. Beharra genuen! Beraiek egunero egiten dute barre gutaz: langileon zergen kopuru handia erabiltzen dute ezertarako balioko ez duen azpiegitura erraldoia eta suntsitzailea eraikitzeko, gehienon bizi baldintzak okertzen dituzten bitartean”, azaldu zuten antolatzaileek ohar baten bitartez protesta amaitutakoan.

“Nafarroan 71 milioi euro, hain zuzen ere, datorren urteko aurrekontuetan. Bitartean, gero eta jende gehiago langabezian eta etxegabe gelditzeko arriskupean, gero eta aukera gehiago lan istripuetarako, gero eta gabezia gehiago osasunean eta kulturan, eta gero eta arrisku handiagoa txirotasun energetikoa sufritzeko. Ez al da hau gutaz aurpegira barre egitea?”, gaineratu zuten.

Erromatarren desfilearen zergatia azaltzeko tenorean, honako paralelismo hau azaldu zuten: “Erromatarrek lan esklabo baliatu zuten galtzadak eraikitzeko eta Baskoien lurretako urrea eta zilarra meatzetatik erauzteko. Horrela, herri basatiak zibilizatzeko aitzakiapean, Erromako Inperioa egonkortu eta zabaldu zuten. Dena zen zilegi, zibilizazioaren izenean. Abya Yalaren konkistan ere, jatorrizko herriak atzerapenetatik ateratzeko aitzakia baliatu zuten konkistadoreek sekulako arpilatze eta genozidioa burutzeko”.

Azaldu zutenez, “’zibilizazio’ hitzaren ordez ‘progresoa’ erabiltzen dute gaur egun, han eta hemen: totem hori baliatzen dute bizitzaren oinarriak suntsitzeko, eta jasangaitza den eredua indarrez ezartzeko”. Salatu zutenez, “kultura, osasuna, etxebizitza, serbitzu sozialak eta lan baldintzak hobetzera bideratu beharko litzatekeen langileon izerdiaren dirua, Elefante Txuria, hauxe da Abiadura Handiko Trena elikatzera doa”.

Honatx Ahotsa.info atariko lankideek protestaren inguruan osaturiko bideoa:

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!